Urte sasoiekin batera doa gripea, udazkenero bisitatzen gaituen lagun –agian etsai esan beharko genuke– zaharra. Urte luzetan ikertu ondoren, gaur egun esan dezakegu gripeak izaki bizidun baten antzera jokatzen duela ia; jaio, garatu eta munduko bazter batetik bestera egindako ibilbide luzean kutsapenak han-hemen utzi ondoren, azkenerako hil egiten den izakia bezala.
Cambridge-ko Unibertsitateak (Erresuma Batua) koordinatu dituen nazioarteko ikertzaile talde zabal batek argitu du urtero gripeak bere bizi-zikloan jarraitzen duen bidea. Asiako hego-ekialdean hasten da ibilbide hori, eta hurrengo geltokia Europan dauka, 6-9 hilabeteren buruan Ipar Amerikaraino iritsiz, nazioarteko bidaiak egiten dituzten pertsonek garraiatuta seguruenik. Hilabete batzuk geroago Hego Amerikara iristen da, eta kontinente horretan du gripeak bere hilerria.
Birusaren zirkulazioa ezagutzea aurrerapauso garrantzitsua da epidemiari aurre hartzeko. Behaketa lanak egitean Asiako hego-ekialdeari arreta berezia eskainiz gero, ikertzaileek epidemiak sorraraziko dituzten barietate edo anduien gaineko pronostikoa hobetu ahal izango lukete. Eta, bide batez, urteroko gripearen txertoak zein andui hartu beharko lituzkeen ere erabakiko lukete, eraginkortasuna handiagotzeko. Izan ere, urtero fabrikatzen den txertoak 300 milioi pertsona babesten ditu. Eraginkorra da, bai, baina kasu batzuetan huts egiten du, fabrikatua izan ondoren txertoak biltzen ez dituen birusaren andui berriak agertzen direlako.
Osasunaren Munduko Erakundeak gripea behatzeko antolatua daukan sareko ikertzaileek hartu dute parte ikerketa zabal horretan. Birusak egin ohi duen ibilbidea ezagutzeko, OMEko adituek 2002. eta 2007. urteen artean kontinente guztietan jasotako gripe birusaren (H3N2 aldagaiaren) 113.000 lagin aztertu zituzten. Gripearen azpi-mota horixe baita gaur egun gizakietan heriotza eta gaixotasun-tasarik handiena eragiten duena.