Nolakoa da zure liburuko protagonista?
Abizen bat jarri diot, ez da hala? Gelazikin. Izan ere, mutiko horren logela hankaz gora dago beti, nahaspilatua, hautsak bazterrak janda... Eta ama beti errieta egiten ari zaio, gela txukuntzeko eskatuz, batez ere bere anaia txikiak hautsari alergia diolako.
Eta zer gertatzen zaio Markel Gelazikini?
Egun batez ama ohi baino gehiago haserretuko dela, eta esku batean erratza eta bestean hautsa kentzeko traputzarra eta lumaz betetako beste tramankulu bat jarriko dizkiola Markeli, esanaz ez ateratzeko gelatik dena txukun-txukun eduki arte. Eta hala ez bada, oilasko erre eta sagar tarta gozo barik geldituko dela.
Hortik aurrera komeriak, ez da hala?
Bai. Markel sartuko da bere logelan amak emandako trasteekin, eta jolasten hasiko da haiekin: lumadun tramankuluarekin jostailuei kili-kili egingo die; hurrena, eskuan trapua hartu eta ohe gainera igota lanpararantz saltoka hasiko da; ondoren, lurrean botatako jostailuak erdipurdiko punteriaz kaxa barruan sartzeari ekingo dio; eta azkenik, erratza hartu eta logelako izkina batetik bestera dantzan ibiliko da, erratzaren ibilbide karratua laburtuz; gero eta karratu txikiagoak egin ahala, gela erdian batuko du hauts guztia; baina orduan haize zirimola bat sartuko da irekita zegoen leihotik, eta hautsa harrotuko du. Bat-batean ezusteko lagun berezi baten bisita izango du Markelek. Hortxe utziko dut kontakizuna!