Dani Blanco
Hamar urte bete dira Lizarra-Garaziko Akordioa sinatu zenetik. Ospakizun xume batek baino ez du gogora ekarri ekitaldia. Sinatzaileetako anitzek ez dute ekitaldia oroitarazi nahi izan. Eta horrekin, batzuek zein bertzeek euren bidea ez dela hura nabarmendu nahi izan dute.
Lizarra-Garaziren hausturak ekarri zuen Aralarren sorrera. Baina Aralar alderdiaren sorrera bera ez ezik, akordio hark utzi du bertzelako biderik euskal politikagintzan. Lizarra-Garazik argi utzi zuen gatazka politikoa dela Euskal Herrikoa, eta horrenbertzean, konponbideak politikoa izan behar duela. Gaur gauza hain xinplea dirudienak badu bere mamia.
Elkarrizketaren beharra ere nabarmendu zuen Akordioak. Ez dira guti adibideak munduan, baina 90. hamarkadaren hasieran (Ajuria Eneako hitzarmenaren garaia) politikari zein herritarren artean heldu gabeko ideia zen Euskal Herrian. Egun, PPk ez beste guztiek onartzen duten printzipioa.
Akordioak bakea eta normalizazioa bereizteko beharra agertu zuen. Ondotik etorri ziren Anoetako Adierazpenak zein Loiolako elkarrizketek atzerapausoa ekarri dute arlo horretan, bertzeren artean gatazka konpontzeko alde guztien parte-hartzea baztertu zutelako, eta ETAk ez zuelako abangoardia lana alde batera utzi.
Hamar urte geroago, Euskal Herriko gatazka politikoa gainditzeko bi oinarri horiek ere behar-beharrezkoak dira: Euskal Herriko gizarteari bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea aitortzea, eta bortizkeria oro alde batera uztea, ETArena barne.
Ezin ukatukoa da, baina, Lizarra-Garaziz geroztik izan dela mugimendu gehiago. Ibarretxe lehendakariaren ekimenez, Estatutu berri baterako proposamena eta kontsulta egiteko lege ekimena gatazka politikoa gainditzeko proposamenen bidean ulertu behar dira. Ez agian gatazka bere osotasunean, baina bai gatazka gainditzeko bidea egiteko. Biak hala biak gehiengo osoz onartu zituen Eusko Legebiltzarrak. Biak hala biak, atzera bota ditu Espainiako Estatuak, Kongresuaren bidez lehenbizikoa; presidentearen eta Auzitegi Konstituzionalaren bidez bigarrena.
Orain Estrasburgora jotzea da egin beharreko bideetako bat. Ez bakarra, ordea. Arazoa eta erabakitzeko eskubidea gizarteratu egin behar dira, herria inplikatuz borroka horretan. Gatazka gainditzeko eztabaida sozializatu egin behar da. Horretarako, indarraren erabilera bertan behera uztea nahitaezkoa da. Eta hamar urteotan ikasi dugu indarraren erabilera bertan behera uzteak ez diola itxaron behar gatazka politikoa konpontzeari.