Azken urteotan globalizazioaren itzala nekazaritzan hedatzen ari da. Horren adibide dugu Saudi Arabiak Indonesiari egindako eskaria; horren arabera Indonesiako Papua probintzian Kuwaiten tamaina duen lur eremu bat erabiliko dute azukre-kanabera eta soja landatu eta, era horretan, saudiarren elikagai beharrak asetzeko.
Esan bezala, Indonesiakoa adibide bat baino ez da, munduko zenbait lekutan antzeko kolonizazioak gertatzen ari dira eta. Sudanen 28.000 hektarea baino gehiago erabiliko dira Abu Dhabiko emirerriaren gari eta arto beharrak asetzeko. Txinak jada milaka hektarea erosi ditu Afrikako eta Asiako hainbat lekutan soja eta palmondo-olioa eskuratzeko. Hego Koreak Mongolian inbertitu nahi du 270.000 hektareako eremua landu ahal izateko.
Lurrak erosteko edota norberaren lurretik kanpoko beste lurretan inbertitzeko joera asko areagotu da azken bi urteotan, oinarrizko elikagaiek izan duten hazkundearen ondorioz; baina ekonomikoki zuzena izan daitekeen inbertsioa, ekologikoki eta gizakiaren ikuspuntutik kalte handiak eragin ditzake.
Indonesiako Papuan, adibidez, bi milioi eta erdi biztanle dago 420.000 kilometro koadroko lurraldean; errepiderik ez dago eta abioiz edo itsasontziz mugitu behar da. Bertakoak ehizaz edo basoak ematen duenaz bizi dira. Arestian aipatu asmoen arabera, urte gutxiren buruan Papuak 2.200 kilometro errepide, hiru kai erraldoi eta 400 kilometroko ureztatze-sistemak izango ditu, eta basoak kentzeak populazioaren desplazamendua eta ohiturak aldatzea eragingo ditu.