argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Umeak, nerabeak eta izotza (Sail Ofiziala)
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2008ko irailaren 28a
Sail ofiziala Donostiako Zinemaldia
Imajinazio falta? Goiko hiru hitzetan konprimitzen ahal dira igandera (21) bitartean Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean pasa dituzten pelikula gehienetako protagonistak; umeak nagusi Asbe du-pa eta The boy in the Striped Pyjamas filmetan. Aurrenekoa, Samira Makhmalbaf-ena, dianan jotzetik gertu dago, baina metrajea kimatuz gero baino ez luke lortuko. Ondo egindakoa, iradokitzailea; zati batzuk sakrifikatuta hobe ordea. Pijama marradunaz jantzitako mutikoarena beste kontu bat da: Sail Ofizialean eman duten produktu anodinoena izan da orain arte. Eskerrak lehiaketaz kanpo dagoela. Genova-n Michael Winterbottom-ek esku trebea erakutsi du hiri italiarra bere narratibaren mesedetan erabiltzeko. Oso emaitza sinesgarria atera zaio alaba nerabeak arrastoan sartu nahian dabilen aitaren istorioarekin. Azkenik izotza, Den du frygter eta Frozen River lanetan (Danimarkan kokatua aurrena, Kanada eta AEBen arteko mugan bigarrena). Frozen river polikiago egina iruditu zait: uste dut Courtney Hunt zeresana emango duen zuzendaria izango dela.