Hiru urteko ikerketa eta I+G lan handia behar izan dira merkatura maindire belaunaldi berri bat ateratzeko. Izan ere, oheko arropa ez da beroa emateko eta babesteko soilik, loaldiaren kalitatea hobetzeko modua ere ematen baitute izara edo maindire berriek, egunez pilatutako estresa askatu, muskuluetako kontrakturak arindu eta nekea uxatzen duen erlaxazio sakona eraginez.
Hala esan zuen Aitex enpresako arduradun Eduarko Aznarrek. Valentziako Parke Teknologikoan aurkeztu den azken belaunaldiko maindire hori estresaren kontrako ehuna dela adierazi zuen, eta ez marketin kanpaina garesti moduan, ikerketa zientifiko luze eta nekoso baten ondorio gisa baizik.
Ikerketa horien helburua gorputzak egunean zehar pilatzen dituen karga elektrostatikoak neutralizatu eta gauez ezabatzeko gai izango litzatekeen ehuna lortzea zen. Elektrizitate estatikoa giza gorputzaren eta jantzien arteko marruskadurarengatik sortutako korrontea da, telefoniako antenek edo etxetresna elektrikoek eragindako eremu elektrikoen eragina ere ahaztu gabe. Elektrizitate estatiko horrek interferentziak sorrarazten ditu gorputzaren jarduera erregulatzen duten eta garunetik muskulu eta zeluletara doazen bulkada bioelektrikoetan. Interferentzia horien emaitza dira estresa, neke mentala, ahulaldia eta muskulu-kontrakturak, loaldiaren kalitate eskasaz gain.
Behin arazoa detektatuta, ikertzaileek pilatutako elektrizitate estatiko horren ahalik eta kantitate handiena jasotzeko gai izango litzatekeen ehuna diseinatu zuten. Horretarako Azzen izeneko zuntza aukeratu zuten, eta horrekin fabrikatutako ehun funtzionalari emandako erliebe edo tolesetan, erabiltzailearen azalarekin kontaktuan, karga estatikoa jaso, eroan eta azkenerako eliminatu egiten da. Ehunaren jostura bereziak plaka metaliko bat dauka bere mutur librean, eta egindako esperimentuen %80an loaldiaren kalitatea nabarmen hobetzen omen da (informazio gehiago
www.aitex.es helbidean).