Banderak, presoen aldeko manifa galdu du. Herria kontsultatu nahi dutenek hala aginduta. Ez dakit nik zenbat arraunlari diren jendeak presoei babesa erakusteko gogoaz bat egiten dutenak. Jakin nahi nuke zenbat arraunlari diren parte hartu nahi ez, baina besteek adierazi nahi dieten beroa erakuts diezaieten eragozpenik ez dutenak. Eta azkenik, maiteko nuke jakitea zenbat arraunlari diren erakustaldi horrekin guztiz aurka daudenak. Nago, ez dagoela tripulaziorik ekintza horren alde dagoen norbait ez duenik. Izan ere, kontsulta xumeena egiteko gai ez dira izan manifa hori debekatu dutenak. Eta ez zuten zaila, hamabost egun hauetan kaia inguruan izan dituzte koadrila ia guztiak bertan entrenatzen. Etxeratekoak hartzeko ere ez dute talenturik izan, bakearen doakoaz mintzo diren ahoberoak direla berau garestitzen dutenak etengabean erakutsiz. Eta bitartean, presoen senideek eta laguntzaileek kilometroak egiten pasa dute asteburua, Kontxatik urrunegi dauzkaten etxekoak bisitatzeko ahaleginetan. Gehiengoak ez du beti arrazoia, Irun eta Hondarribiako alardeak lekuko. Eta denboraz, inork ez ditu horiek defendatuko, orain frankismoarenak onartzen ez diren bezalaxe. Balza barne. Arraunlariek beharko lukete hitza hartu, norabide egokian.