Oskar Aranak Paul Austerren Man in the dark (Gizona ilunpean) nobela euskarara itzuli du, Alberdania argitaletxearen eskutik. Euskarazko bertsioa irailaren 2an kaleratu zuten eta jatorrizkoa (ingelesezkoa) egun bat lehenago. Paul Austerren eta bere agentziaren erabakia izan da ingelesezko bertsioarekin batera gainerako hizkuntzetakoak ere kaleratzea.
Donostiako Untzi Museoan Itsasoaren indarra izeneko erakusketa paratu dute. Euskal Herriko kostan izandako itsas ekaitzen 50 argazki topatuko ditu bisitariak. Hedabideetan lan egiten duten 20 argazkilariren irudiak bildu dituzte, eta 1900. urteaz geroztik izandako ekaitzen argazkiak ere ikusgai daude. Erakusketa Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteak antolatu du.
Katamalo taldea osatzen duten musikariek (www.katamalo.org) azaroaren 1ean eskainiko dute euren azken kontzertua, Durangon. Aurrez Bilbon (irailaren 25ean), Ortuellan (urriaren 2an), Gasteizen (urriaren 9an), Iruñean (16an) eta Donostian (22an) joko dute. Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak, bestalde, Erantzi. Katamalo zuzenean diskoa kaleratu du.
Musikale Kaleko Musikarien Nazioarteko Jaialdiaren 8. edizioa Basaurin, Erandion, Leioan eta Sestaon ospatuko da. Irailaren 19tik 21era munduko alde desberdinetatik etorritako hamabi musika taldek joko dute jaialdian. Horien artean izango dira Albokale, Erandioko Musika Banda eta Perfusion. Hauetaz gain, Britainia Handiko Bollywood Brass Band, Kolonbiako Palo Q’sea, Frantziako Les Costards eta Andaluziako La Banda de Brallan egongo dira, besteak beste. Emanaldi guztiak doakoak izango dira.