Itzal deserosoak

Inma Errea
Alberto Elosegi
Espainiako Gerra Zibileko gertaeren inguruko memoria historikoa berreskuratzen ari garen honetan, hainbat kontu –albokoak, baina ez muntarik gabeak– ia aipatu gabe pasatzen ari dira.

Urbasako leizeetan amildutako lagun batzuen ondorengoek haien ahaideak hil zituztenen jarrera ideologikoekin bat egin zuten, halako punturaino non ondorengo horietako baten batek kargu politiko eta guzti eskuratu baitzuen, haren senidearen hilketa gaitzesteari uko egin dion alderdi baten eskutik.

Pentsatzekoa da inoiz bortizki zapaldutakoek bizirauteko abiarazten dituztela halako defentsa-mekanismoak, non lehenik eta behin zapaldu dituztenenganako beldurra, gero kritikarik egiteko gogorik edo indarrik eza, eta, azkenik, atxikimendua sentitzeko gauza izatera irits daitezkeen, tratu txarrak pairatzen dituzten emakume asko haien jipoi-emaileak behin eta berriro haien ondora onartzeko gai diren ber.

Gerra hartako galtzaileen aldeko hautu ideologiko edo etikoa egina dugun gure arteko asko ere, Nafarroan batez ere, Gerra Zibilean Francoren alde borrokatu ziren soldaduen seme-alabak gara. Kasu askotan euskaldun edota euskaltzale, ezkertiar eta euskal abertzale izaki, gure baitan sor daitekeen pitzadura are deigarriagoa bilakatzen da –kontraesana, mingarriagoa– soldadu haietako asko euskaldunak zirela kontuan hartuta, Nafarroako Pirinioetako ibarretakoak, eta espainiar zein euskaldun ezkertiarren aurka aritu zirela.

Aita erreketeekin izan nuen nik borroka hartan. Inoiz ez nintzen ausartu ikertzen hiru urteko soldadutza ohiz kanpokoa egiteko haren boluntariotasunak noraino hartzen zuen –gerrak soldatu joateko adinean harrapatu baitzuen–. Ez nion galdetu –eta hark ere hitz gutxi egin zuen gerran bizi izandakoaz–, nahiz beti argi utzi zigun gerra osoa ofizial baten zerbitzari egin zuela eta, beraz, tiro gutxi eginda, eta ohartua zela gerra ororen zentzugabekeriaz.

Bizitzako errealitate bereziki bortitzen artean, beste norbaiti atzera bueltarik ez duen kaltea eragiten dion pertsona baten senideek, hiltzaile batenek, kasu, pairatu beharreko sentipen-nahasmena jotzen dut gogorrenetako bat. Baina muturreko egoera horretara iritsi gabe ere, deserosoa da maite duzun norbait errotik arbuiatzen duzun eta berez arbuiagarria den zerbaitetan aritu dela jakitea. Are deserosoagoa, hori jendaurrean aitortzea.

Komeni da gerra zibilaren inguruko argi-ilun guztiei erreparatzea, komeni den bezala, emakume jipoituen kontuari aurre egiteko, halako gertaeren inguruko sentipen jasangaitz eta bihurrienak ere poliki aztertzea.

Espainiako Gerraren herentzia jaso duen gizarte honetan klase askotariko oinordekoak bizi gara, gerrako galtzaileen eta irabazleen seme-alabak, haien arbasoen jarrera ideologikoen kontrako zein aldeko hautuak egin dituztenak, nor bere senideak
galtzaile edo irabazle edukitzeak eman dizkion desabantaila edo pribilejioekin bizi ere.

Haien ahaideak ezta lurperaturik non zeuden ere jakin gabe, edo haien ondasunak bortxaz beste batzuen eskuetan zirela jakinik, isilik eta burua makurtuta bizi behar izan dutenek urteetako sufrimendua azaleratzearen ordainbidea behar dute jaso, gutxienik, baina guztiok, haiek eta gainerakook, gure beldurrak eta lotsak uxatu eta kontuak argitzea merezi dugu. Nahikoa izan daiteke tabu jo ditugun errealitate horiek hizpidera ekartzea, lagunartean ez bada ere, betiere ahaztu gabe nor bere egintzen jabe eta arduradun izan badela, baina ez, besteek egindakoen erantzule, beste horiek hurbil-hurbilekoak eta maite-maiteak izanda ere.

Oraingoa aukera ona dugu, historia hurbileko kontu ilunak egunaren argitan aztertu eta hainbat itzalen zama astuna arintzeko. Ez ahal dugu galduko isiltasun errudunen putzu sakonean edota biktimekiko gupida lausoen desertu antzuan.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude