argia.eus
INPRIMATU
Etologia
Otsoek arraina maite dute
Joxerra Aizpurua Sarasola 2008ko irailaren 21
Otsoek arraina maite dute
Kanadako Raincoast Conservation fundazioko biologoek Canis lupus otso-espeziearen portaera aztertu dute. Horretarako, otsoen gorotzak aztertzeaz gain, animalia ugariren hondakinak aztertu dituzte.

Urteko sasoi gehienetan oreina da otsoen jaki preziatuena, baina udazkenean aldatu egiten dituzte ohiturak eta ibaietan gora doazen izokinak dira gehien maite duten jakia. Izan ere, izokin kantitate handiak kontsumitzen dituzte.

Ohitura hori orein populazioaren gorabeherekin lotzen bazen ere, beste arrazoi batzuk ditu, BMC ecology aldizkarian ikertzaile batzuek adierazi dutenez. Lehena arriskua bera da: oreinek askotan zauritu dituzte otsoak adarrez, eta larriki askotan; bigarren arrazoia izokin haragiaren elikagai-balioa da, otsoek behar duten gantza eta energia eskaintzen baitie.

Ondorioz, izokinek jasaten duten gain-arrantzak eta haztegietan sortzen diren gaixotasunek arriskuan jar dezakete otsoen populazioa.