Antzerki lana da Aitor Aranaren Egin bedi zure nahia. Sendatzerik ez duen emakume eskizofreniko baten familiari sortzen zaion arazoa agertu digu. Urteak dira emakume hori ospitaletik ospitalera dabilela. Berak etxera joan nahi du eta, leku faltagatik, ospitalekoek ere hara bidali nahi dute; baina etxekoak ez datoz bat horrekin, ez behintzat hobera egin arte, krisia sortzen zaion bakoitzean botikak hartzeari utzi eta senide zaharrei joka hasten delako. Etxe horretan badute nahikoa lan bestela ere: ama alzheimerrak jota dago, aita edariari emana, osaba ibili ezinik eta guztiak zaintzeko hirurogeita hamar urteko izeba dute. Beraz, ez daude beste gurutze bat eramateko baldintzarik onenetan.