argia.eus
INPRIMATU
Berria naiz hemen
2008ko irailaren 21
Katixa Agirre
Iñigo Azkona
Agur, jaun-andreok. Zer moduz, neska-mutilok? Barkatu atrebentzia. Berria naiz hemen eta ez dakit onargarria den horrela, esku hutsik agertzea. Ez dakit erritual zeremonialik bete beharra dagoen. Ardo botila bat ekartzea banuen, agian. Ez dut egin baina. Eskerrak hitzak doakoak diren eta barra-barra banatu daitezkeen, karaktere muga gainditzen ez den bitartean behintzat. Aurrera ba.

* * *

Berria naiz etxe honetan eta itxura ona eman nahi dut, beraz, has nadin hasieratik, hau da, Ur ttakun-kideak zuzendutako galderari erantzunez. Ez, Ur, ez dut Kung Fu panda ikusi. Nire lagunen artean inongo onarpenik ez duen aldarrikapena da hurrengoa, baina ezin ditut marrazki bizidunak agoantatu. Fobia antzekoa sentitzen dut Nemo arrain, Donkey Xote eta Ratatouille horien aurrean. Ez dakit haurtzaroko trauma bat izango den edo zer, baina mundu honetara umeak ekartzera animatzen ez naizen bitartean ez dut neure burua animazio pelikularik ikustera behartuko.

Beraz, ez, Ur, ez dut Kung Fu panda ikusi. Zuk bai? Egia esanda, ez dut apenas produktu asiarrik kontsumitu uda honetan, ez bada sudoku edo rollitoren bat edo beste, oso tarteka. Abuztuaren 8an, Joko Olinpikoen inaugurazio sonatuaren egunean, telebista hondatu zitzaidan. Gero bidaian atera nintzen. Guzti horren ondorioz ez da joko txinatarrik egon nire bizitzan. Oihartzunen bat edo beste ailegatu zait, Usain eta Nadal eta Phelps, baina ez daukat oso argi zein den zein. Orain, berriz, Olinpiada garaian gaude (Olinpiada berez Joko Olinpikoen arteko denbora tartea da, eta ez Jokoen garaia bera, pentsamendu light eta zorroztasun ezaren aro honetan zabaldu den moduan) eta nire kirol kontsumoa berdin mantentzea espero dut: zerotik oso-oso hurbil.

* * *

Marrazki bizidunik ez, kirolik ez. Zer nolako bizimodua daramat hortaz? Hutsik al dago nire bizitza? Ez dut afiziorik batere, ala? Itxura ona ematea nuen helburu eta horregatik esango dut bidaiatzea gustuko dudala, eta baita irakurtzea ere. Zorionez, bi gauza horiek bateragarriak dira oso. Uda honetan, adibidez, bidaiatzen nuen bitartean, asko irakurri dut. Edo alderantziz izan da? Irakurtzen nuen bitartean bidaiatzera dedikatu ote naiz? Zehaztasunak ez du garrantzirik.

Bidaiaren bukaera aldera arazo bat sortu zitzaidan, hala ere: Olasagarre jaunak gogorarazi dit ustekabean. Libururik gabe gelditu nintzen. Alerta egoera, inondik inora. Maletan sartutako liburu guztiak uste baino lehenago bukatu nituen. Eta baita nire bidaideak bere maletan sartutakoak ere. Etxera bueltatzear geunden, baina bidaia luzea genuen aurretik. Liburu bat behar nuen. Antsiedadeak jota, aireportuko txoko guztiak arakatu nituen. Seguru sinesten didazuela kontatzen badizuet egun horretan lau aireportutan egon nintzela (bi Amerikan eta beste bi Europan) eta lauetan (itzulpenak itzulpen) gauza bera topatu nuela. Hiru multzotan banatu ditudan liburuak. 1) Maien testamentuak eta enparauak. 2) Paulo Coelhoren liburuak eta enparauak. 3) Gazten lapurreten inguruko liburuak eta enparauak.

Gauza oso arraroak, ados egongo zarete. Niretzat behintzat, ulergaitzak.

Azkenaurreko aireportuan, ordea, zorte handiagoa izan nuen, Julian Barnes-en Arthur&George topatu bainuen, Vintage edizio dotore batean gainera. Eta merke! Pozik igo nintzen azken hegazkinera. Hamabi orrialderen bueltan, ordea, lo nintzen, liburua oinen artean galduta. Normala: aireportuz aireportu egindako araketa tarteko neka-neka eginda nengoen.

Beraz, kurtso berrirako badut betebehar argi bat: Arthur&George bukatu behar dut. Ez da lan gogorra. Irakurritako hamabi orrialde horiek behintzat itxura ona zuten.

Badut beste betebehar garrantzitsuago bat: hiru astean behin hemen ttakun egin beharko dut. Hau ere samurra egingo ahal zait!