argia.eus
INPRIMATU
Bad Sound System
«Ez gara rapero gogor eta perfektuak, bertute eta akatsak ditugun pertsona hilkor arruntak gara»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a

Bad Sound System kolektibo irekia da?


Batez ere kolektiboa gara. Hasierako izpirituari eusten diogu, nahiz eta batzuk joan diren eta beste batzuk jarraitzen dugun. Baina hala gustatzen zaigu, gauza askotara zabalik gaudelako. Kolaboratzea eta musika egiteko arau itxietatik aldentzea sorkuntzarako eta musikarako oso positiboa da.

“Gurea hartzen dute eta kometekin entretenitzen gaituzte”. Herriak opio asko al dauka?


Bai. Sistema ahalegintzen da gu aisian murgilduta edukitzen, argi, kolore eta informazioz betetzen gaitu. Are gehiago, gero eta droga berritzaile gehiago sortzen dituzte, gauzak aldatzeko borroka ez dezagun.

Plastikoak gauza txar gehiegi irudikatzen ditu?


Plastikoak faltsua den guztia irudikatzen du; agintariek eta politikariek sinestarazi nahi digutena. Gu ere gero eta naturaltasun gutxiagoko jendea gara. Sinestarazi nahi digute jabe izatean datzala zoriontasuna, baina ez da horrela.

“Musika da borroka”. Bada oraindik musikarekin gauzak aldatzerik edo erabat irentsita dago?


Musika gailua da, berarekin egingo duzuna da erakutsiko duena borrokarako indarra duen edo ez. Hau da gakoa: badugu guk indarra gauzak aldatu eta gizarte eta gizaki hobeak izateko?

“Askorentzako kriminala naiz, musika kriminala”. Oraindik hip-hoperoak gaizki ikusiak daude?


Ez dut uste, alderantziz, badirudi gizarteak ez dituela serio hartzen, barregarriak balira bezala. Baina penintsulako hip-hop talde batzuk ikusita, ez da harritzekoa!

“Inperfektua naiz lau aldeetatik begiratuta”. Baina ez al zineten ba hip-hoperoak onenak? Are gehiago, horretaz harro agertzen zineten nonahi.


(Barre). Badira halako rapero asko, perfektuak, onenak, gogorrenak edo dena delako tontokeria direla uste dutenak. Gu, ordea, bertute eta akatsak ditugun pertsona hilkor arruntak gara.