argia.eus
INPRIMATU
Zeruko Argia
Joxemari Ostolaza 2008ko irailaren 14a
Joxemari Ostolaza
Izan genuen topaleku. Okendo kalean. Donostian. Pasai Antxokoa? Halakoak ezagutuko dituk noski. Berehala sortu genuen elkarrekiko hurbilketa. Zinemaren berri ematen zigun. Eta Donostiako Zinemaldiaren garaian, egunero ikusten genuen elkar, gure kritikari kronika-egile ofizialak egunero bisitatzen baikintuen. Militantea, euskaltzalea. Ez dira gutxi egindako lanak. Musikak estutzen zizkigun harremanak, eta noizik behin eguneko menua konpartitzen genuen. Tertulia. Eta jazzaldiek ere ezagutu zituen bere artikuluak gurean zintzoki. Gure kantaldietara ere behin baino gehiagotan etorria zen. Ez genuen inoiz hitzik gurutzatu horretaz. Zirkunstantziek aldendu gintuen elkarrengandik eta hondar urte hauetan ez dugu harremanik izan. Hau idatzi aitzin jakin dut zendu dela. Xabier Portugal. Orain hilabete izan nuen bere eritasunaren berri, bere koinatu baten bidez, baita aita nor zuen jakin ere: garai bateko Easo Koruko Portugal baritono baxua, kantari bikaina. Ume eder bat. Pentsatua nuen berarekin telefonoz hitz egitea, gaztetan bere aitarekin dozena erdi bat aldiz kantatzeko zoria izan nuela jakitera emateko, baina nire asmoa bete gabe joan zaigu, eskukoari pare bat aldiz imintzioa egin eta beste baterako utzita nuela asmoa. Pena.