argia.eus
INPRIMATU
Talaian
Krisi finantzariotik, industrialera?
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 02a
Ez gara alarmistak izan behar. Baina okerrera egin dezakeen errealitaterik bada. Munduko krisi finantzarioak krisi industrialari eman dakioke bide, eta ekonomiaren moteltzea oraindik gehiago bizkortu. Banketxeek zabor hipotekekin jolas egin dute, estatubatuarrek, eta baita europarrek ere; eta horiek dira egungo egoera ekonomiko finantzarioaren arduradun nagusiak. Egoera horrek urtebete egin berri du, “subprime” zabor hipotekak kreditu historial txarra zuten pertsonei eskaintzen hasi zirenez geroztik. Banketxeek eta pentsio fondoek interes altuekin jolas egin zuten, eta hipoteka horiekin dirutza egin, horien atzean garantiarik ez zegoela “konturatu” ziren arte. Horrek guztiak milaka familiaren eta ehunka erakunde finantzarioen hondamena ekarri zuen. Areago, sistema finantzarioarengan konfiantza galdu da, arrisku gehiegi hartzea egotzi zaio. Banketxe eta aurrezki kutxak, gainera, ez dira elkarren artean fio eta ez die elkarri dirurik uzten. Banketxeen arteko merkatuak ez du funtzionatzen.

Orain banketxe eta erakunde finantzarioak enpresa eta norbanakoei kredituen iturria ixten hasi dira. Euskal Herrian ere atzematen hasi da uda baino lehen eta hemendik aurrera gogortu egingo da. Egunak pasa ahala, enpresa ertain eta txikiek gero eta nekezago lortzen dituzte ezinbesteko zaizkien kredituak. Kreditu hori mozten bada, krisi finantzarioak krisi industrialari eman diezaioke bide, ekonomia gehiago motelduz eta hainbat sektoretan lanpostuak galduz. Banketxe eta aurrezki kutxek, oparoaldian enpresa eta familien pentzutan dirua egin dutenek, krisiari aurre egin beharko liekete, baina enpresak ito gabe. Euren irabaziak, azken finean, enpresen menpe baitaude.