Nola azalduko zenuke itzuli berri duzun lana?
Ezin ukatuzkoa da
Sumendiaren azpian literatur eta itzulpen ezaugarrien aldetik obra berezi-berezia dela. Maisulana da, estiloa ia liburu osoan esanguratsua delako. Eleberria erritmo motelean hasten da eta horrexek atzera eragiten die hainbat irakurleri. Baina geldotasun horrek giro berezia eta xarma halako bat sortzen dizkio moteltasuna gainditzeko gauza denari. Nolanahi ere, eleberriak deskribaturiko parajeen bisitari guzti-guztiak harri eta zur geratu ohi dira deskribapenen zehaztasuna eta argitasuna direla bitarte.
1938an gertatzen da istorioa, eta garai hartako erreferentzia politiko ugari topa daitezke nobelan.
Lowry Defuntuen Egunean heldu omen zen Mexikora, 1936an, Espainian Gerra Zibila hasita zegoen garaian. Liburuan Defuntuen Egunak, Lehenengo Mundu Gerraren ondorioak, Espainiako Gerra Zibilak eta are Euskadik berak ere halako ehundura trinko eta sinboliko bat eratzen dute.
Alkoholagatik hil zen idazlea. Delirium tremens-aren atzaparretan dago eleberriko protagonista...
Malcolmek berak esanda badakigu
Sumendiaren azpian Danteren
Jainko Antzertiko Infernu eguneratu halako bat dela. Liburu osoa alkoholez bustiriko
pandemonium moduko zer edo zer da. Nola idatz zezakeen bera ere alkoholiko zen idazleak halako eleberri konplexua protagonista alkoholikoaz? Aditu batzuen arabera, nobelaren kontzepzioa, asmoa bera, hain bihurri edo korapilatsua izateak lagundu zuen, hain zuzen ere, idazkuntza gorpuzten.