argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Galdu da beste aukera bat
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 02a
Ibarretxe
Herri kontsultaren auzi honetan guztian une giltzarrietakoa biziko da aste hau eta datorrenaren artean. Iazko irailean Ibarretxe lehendakariak negoziazio saio eta herri kontsultaren ekimenak aurkeztu eta gero egindako ibilbidearen ondoren, orain iritsiko da Madrilgo ezezko borobilaren eszenifikazioaren une gorena. Eta Auzitegi Konstituzionalaren ezezkoari Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira begira erantzun du hirukoak, Europan salaketa politikorako aukeraz gain, beste ezer aurkituko ez duen ekimenean.

Ez da samur ulertzekoa Ibarretxe lehendakariaren ingurunean eta hirukoaren baitan hainbeste indar xahutu duen prozesua horrela amaitzea, ordezkatu beharko lituzketen sektore zabaletan balizko kontsultarekiko ilusioa urtebetean agortzen eta ahitzen utzita. Ez dago parekotasunik Ibarretxe lehendakariak urtebeteko une klabeetan agertu duen jarrera duin eta tinkoa, eta bukaeran ezezkoari ematen ari zaion erantzun hotz eta sakabanatuari (hirukoaren helburu eta barne jarrerari dagokionez). Une honetan gizarte mailan kontsultaren gaiarekiko dagoen hoztasun eta ilusio eza ikusi besterik ez dago ekimenaren amaiera zertan den irudikatzeko.

Erantzun tinko eta indartsuak hiruko alderdien borondate eta batasun argiak islatu beharko lituzke, eta une honetan hiruko alderdiek gehiago begiratzen diete hauteskundeei, Konstituzionalaren erantzunari baino. Erabaki eskubidearen inguruan bideratu zitekeen indar metaketarako aukera berri bat galdu dute eskubide honen aldekoek. Jeltzaleen artean ere, badirudi EBBren indarra –azkenik– historikoki izan den legez ari dela inposatzen, eta, Iñigo Urkulluk bere garaian argi iragarri bezala, EAJk erabateko pragmatismoz jokatuko duela. Ikustear dago, baina aurrekontuen negoziazioek norabide hori erakusten dute. Ezezko honen aurrean Urkulluk ekimen berria izango zela iragarri zuen, baina Ibarretxek edo beste batek lanak izango dituzte hurrengo ekimenean oraingoan izan duten konfiantza maila irabazteko.

Honek gainera, are argiago uzten du gatazkarekiko konponbidea ohiko hiru erpin politiko nagusien parte hartzetik etorriko dela, edo ez dela irtenbiderik izango.

Errepresioarena da gaur gaurkoz Madrildik bilatzen den irtenbidea; edo Arnaldo Otegik sinesten duen negoziazio hori egiazkoa izatekotan, izan dadila ezker abertzale ahalik eta ahulenarekin. Aste honetan EHAK-ko kideek jasan behar duten jazarpen judiziala horren erakusle bat gehiago da. Edo Nafarroako azken atxilotu eta torturatuen egoera, akusazio nagusia Segi eta Ekineko kide izatea denean. Ez dira oraindik hogei urte Maitane Intxaurragak, Gorka Martinez zenak eta Xabier Alegriak prentsaurreko publikoak ematen zituztela KASeko bozeramaile gisa. Eskubide eta oinarri demokratikoetan izan den atzerakada begi bistakoa da lauzpabost hamarkada pilatu dituen edonorentzat.