Luzuriagatarrak baino iparralderagokoa da maçaranduba (Manilkara huberi), Hego Amerika, Ertamerika eta Karibe aldekoa. Lagun brasildar batek aipatu dit zuhaitz hau, bere zur gorri-gorri ia morea uretara botaz gero, urperatu egiten dela... eta ni bere usainean abiatu. Kanpoan bere zur ederra dela-eta ezagutzen da eta lur haietatik estraperloan ekartzen den ugarienetakoa da. Han, noski, bere egurraren berri badute, batik bat eraikuntzan erabiltzen dute. Zutik dela, izerdia ere kentzen zaio zuhaitz honi eta garai batean kautxuaren tankerako goma sortu nahi zen, baina haren aldean eskasa nonbait. Hala ere, golferako piloten azala gozatzeko ez omen da hoberik... Jateko ona omen du fruitua; ea dastatzeko aukera noiz izaten dugun.
Maçarandubak eta bere ahizpek antza handia dute. Zapotak, Manilkara zapota, egur gorri-marroia zuretarako, puntta berriak barazki gisa eta fruitua oso estimatuak ditu. Nonahitik darion izerdi zuriaz latexa egiten da. Hori txingoma edo txiklea egiteko gaia da. Bere izerdi mikatz eta itsaskorra, intsektuengandik babesteko dela uste dena, eguzkitan edo sutan berotuta ore lodia egin eta ahoan mastekatuz ibiltzeko txikle gozoa egin izan dute bertakoek. Ez da harritzekoa, beraz, petrolio, sufre, mineral eta abarrekin batera 1994. urtera arte Mexikoko produktu estrategikoen zerrendan egon izana.
AEBen mesedetan Texas, Kalifornia etab. galdu zituen Mexikoko presidente Santa Anna jeneralak tzicli sorta aldean zeraman erbesteratu behar izan zuen guztietan. Egundo ezagutu gabeko txiklea laster zabaldu zen. AEBetan usain gozo ugarirekin nahasita hedatu zena, bertako armadak ospetsu bihurtu zuen. Lasaitzea, arreta eta gogoak biltzea... eta antzeko alorretan berebiziko mesedeak omen dakarzkio txikleak soldaduari. Bi mundu gerratan txiklegaiaren garraioa urpekuntziz babestua egiten zen Mexikotik AEBetara, hortik atera kontuak zenbaterainoko garrantzia zuen. Egun mundu zabalean sortzen duten sarraski ugaritan antzera jarraitzen dute, matrailezurra dantzatzen, keinuekin ere kolonizazioan. Polimero eta gozagarri sintetikoekin eginak dira, ordea, egungoak. Oraindik landare honen izerdia biltzen duten bostehunen bat familien etorkizuna asentatzeko zapota zuhaitza eta txikle naturala sustatu nahi dira atzera Mexikoko Gran Peten eskualdean. Txikleetan Sex gum deitu dutena da tartean. Mexikon bertan sortzen den damiana landarearekin egindakoa. Gizona behintzat ederki berotzen omen du...