Juan Mari Lekuonari eskaini diote Literatura Terminoen Hiztegia lan hau burutu dutenek, bera izan baitzen Euskaltzaindiko literatura ikerketa batzordeburu 2005. urtean zendu zen arte. Hiztegia osatzen duten sarreren artean, literaturaren teoriari, historiari eta kritikari dagozkion kontzeptuak daude, hala nola erretorika eta metrika arloko termino teknikoak; molde metriko jakinak; literatur generoak eta azpigeneroak; teknizismoak; aldi literario, belaunaldi edo eskola jakinak; mugimenduak eta abangoardiak; korronte kritiko nagusiak; termino soiltzat hartzen diren izen sintagma ihartuak –in medias res, deus ex machina...–, literatura sortzaileak zein eragileak: bertsolari, juglare, ditxolari, antzerkigile... Baita literaturarekin zerikusia duten beste hainbat gai ere.