Jose Antonio Sarasolak euskaratutako Frauke Nahrgang-en liburu sorta da Futbolzale amorratuak. Liburuxka bakoitzean eskola bateko bi futbol taldetan aritzen diren neska-mutikoen gorabehera eta lehiak azaltzen dira. Joko zikina liburuan, betidanik garaile izandako taldeak –VfBek– areto-futboleko lehiaketa galtzeko arriskua ikusten du, hain zuzen ere Grün-Gelb taldeko murritz horiek garaile irteteko aukera gehiegitxo dituztelako. Orduan, VfBko bati zera bururatuko zaio: Grün-Gelbeko atezainaren anaia txikiari xantaia egitea, bere anaiak VfBkoei golak sartzen uzteko. Izan ere, morroi horrek eskularru batzuk lapurtzen ikusi du txikia, eta osaba polizia duenez –mehatxatu du umea–, jaramonik egin ezean polizia horri lapurretaren berri emango dio eta kartzelara eramango dute.