Iñigo Azkona
Getxophoto. Irailaren 11tik urriaren 12ra.
Betidanik, Uribe Kostako UK hamaboskaria egiten dutenek harro aldarrikatu dute aldizkariak, bere apalean, irudiari ematen dion garrantzia. Sentiberatasun horrek eraman zituen bertako zenbait kide Begihandi elkartea sortzera, helburu bakarrekin –ez makalarekin– oraingoz: Getxophoto antolatzea. Erakusketa hitza erabiltzeko tentazioa nekez uxatu dugu, aurten bigarren edizioa duen ekimen hau definitzeko orduan. Tira, balio beza terminoak, baina erne: erakusketa izanda ere –ezin uka daiteke–, ohiko euskarrietatik ihes egitea du xede nagusietakoa Getxophotok. Proposamenak artistiko bezain komunikatibo izan nahi du, hori ondo azpimarratu nahi dute antolatzaileek. Bestela esanda, betiko museo eta galerietatik atera nahi dute argazkigintza, nazioarteko argazkigintza ona. “Espazio publikoa erabiltzea dugu gustukoen”, diote. Kalea gurea da, berbakera ezkertiarra nahiago baduzue.
Erabiltzea ez ezik, janztea, betetzea, gupida gabe okupatzea, gaineratu liteke. Kaletar xehea begi handiz ibiltzera behartu nahi dute Begihandikoek, oinezkoa ezustean harrapatu, asko eta ondo iragarritako ezustea izanagatik; iaz behintzat lortu egin zuten helburua. Edozein ekimen arrakastatsu errepikatzeak berezko dituen arriskuen jakitun, egonkortasuna bilatzea dagokie aurten. Iraultzak beste baterako gorde dituzte, Getxoko eraikin esanguratsuenetako batzuen hormak argazki erraldoiz estaltzea nahikoa iraultza ez bada.
Hau idazteko unean ikusteke dauzkagu bigarren Getxophoto honek ekarriko dituen proposamenak, alboko irudian ageri dena bezalako salbuespenak salbuespen. Iazko edizioaren oroitzapena eta aurtengo argazkilarien izenak aski ditugu, hala ere, datorren hilabetean Getxori bisitatxoa egitea gomendatzeko. Ez ezer bilatu, argazkiek bilatuko zaituzte zu. Eta badaezpada, eraman kamera aldean. Begi handientzakoa ez ezik, atzamar azkarrentzako gunea ere izan nahi du-eta Getxophotok. Kultura parte hartzailea esaten omen zaio horri.