Imanol Azkuek zumaiar askoren laguntzaz osaturiko liburua da Zumaia, izena eta izana. Herria bere osotasunean hartu du egileak lan hau egiteko, eta jakina, bere nortasunean hainbeste eragin izan duen itsasoa. Zumaiako historian murgildu da, mendez mende zumaiarren jarduna aztertzeko, egungo egoeran bezainbat. Eta bata zein bestea osatu dituzten pertsonetan jarri du arreta. Zuri-beltzeko zein koloretako laurehun argazki esanguratsuz apainduta dago Zumaiako Udalak plazaratutako liburua. Milatik gora leku-izen eta horien gaineko azalpenak, zumaiarren lehengo ohiturak edo afizioak, historian zehar gertaturiko zenbait pasarteri buruzko testigantzak eta herrian bertan jaiotako hainbat pertsonen biografiak osatzen dute Zumaia, izena eta izana lanaren mamia.