argia.eus
INPRIMATU
Txomin Peillen Karrikaburu
«Zoritxarrez edo zorionez ezagutu ditudanak agertzen dira liburuan»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a

Nolatan sortu zitzaizkizun Jende ederrak lanean liburuko ipuinen pertsonaiak?


Nor den nor? Inor ez eta asmoz edo ekintzez denak hor. Duela hamabost urte jende ospetsu eder eta ohargarrien curriculumetan aurkitzen ez diren sekretuak argitzeko asmoa gogoan sartu zitzaidan. Han hor agertu edo agortu diren aldizkarietan De viris et mulieris inillustribus bat egiteko lehen urratsa.

Asmatuak ala errealitatetik jasoak dira?


Zoritxarrez edo zorionez ezagutu ditudan jende batzuk agertzen dira liburuan; beste asko, berriz, nire asmakizunak, ametsen eta errealitatearen artekoak dira. Sinesgaitz ez dena ere gerta bailiteke, sinesgogorrenak gertatuak dira. Nolanahi ere, irakurleak ez du aurkituko psikologiazko edo moralezko itxurarik ipuinotan, non ez duen ikusten nola bizi diren guri irakasbide ematen dabiltzanak: ez dutela predikatzen dutena gauzatzen, ez eta gauzatu nahi. Mozorroa kendu eta tximinoa biluzik.

Maltzurkeria erabiltzen iaioak izan arren porrotak ere jasaten dituzte zureek. Eta alde askotako jendea da.


Bai. Bi ipuinetan ustez eta hobekienik ezagutzen dudan norbait agertzen da, nire burua. Baina bestelakoan, sarri, notinak ez dira euskaldunak, ez eta, beti, euskal herritarrak, nire biziaren erdia baino gehiago gure herritik kanpo eraman behar izan dudalako. Erbestean ikusi dut nola zakurrak ortutsik dabiltzan han ere, eta baita gehienetan handikien bizitza txikikeriaz betea nola den ere, euren ospea hutsean, hondarrean, harean eraikia dutela. Dena den, ipuinok, kilimon batzuen kontakizunarekin, irria sortzeko ustez idatziak ditut.