Kataluniako Ascó eta Vandellóseko zentral nuklearrek eta Garoñakoak Burgosen, azkenaldian hainbat “gorabehera” izan dituzte. Endesa-Iberdrola jabeek ziurtatu dute “garrantzirik gabeko gertaera hutsalak” izan direla. Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak esan du Ascóko isuri erradiaktiboa aitortutakoa baino ehun aldiz handiagoa izan zela. Gainera, zentralak kutsadura martxoaren 14an antzeman zuen estreinakoz, eta ez zuen jakitera eman. Apirilaren 4an eman zuen ihesaren berri, baina garrantzirik gabekoa izan zela esan zuen; azkenean ehun aldiz handiagoa suertatu zen. Vandellós eta Garoñako “gertaerek” herritarren segurtasunerako garrantzirik ez dutela izan baieztatu dute. Lehen ere hala esan izan dute.
Egoera horretatik hainbat lezio ikasi behar dugu Garoñako zentralaren ekintza eremuaren pean bizi garenok. Lehenengoa: politika nuklearra justifikatzeko, enpresa energetikoak (nuklearren jabe direnak) beti edozein irregulartasun edo arazo ezkutatzen saiatzen dira. Behin “gertaera”ren berri zabaldu denean, garrantzia ahalik eta gehien murrizten ahalegintzen dira. Horregatik, enpresa nuklearrek, horrelako “gertaerak” daudenean, ia beti gezurrak esan eta manipulatu egiten gaituzte. Bigarrenik: “gertaera” nuklear horiek argitara ematen direnean, energia nuklearraren aldekoek eta euren lobbyek beren aldarrikapenak berpizten dituzte, eta zentralak mantentzeko manipulazio kanpainari berrekiten diote. Azkenik: euskal gizartea Garoñako zentral nuklearraren arrisku eremuan bizi da. Hori dela eta, 2009tik aurrerako esplotazio luzapenaren aurka egiteko kontzientzia hartu beharko da. Iragan igandean Garoñara egin zen martxak erakusten du bidea.