ETB sortu zenetik hogeita bost urte bete zirenean egindako jardunaldi batzuen mamia jaso du Senez itzulpen aldizkariak azken alean: euskarazko bikoizketaren inguruko jardunaldiena, hain zuzen ere. Haietan parte hartu zutenek jorratutako gaien artean honakoak daude: euskarazko bikoizketarako irizpide nagusiak; azpidatziak eta bikoizketa; itzulpen-egokitzapena; zuzentzailearen ekarpena; iragarkiak nola euskaratu; bikoizketaren garrantzia euskara biziberritzeko; zinemarako euskarazko bikoizketa; EITBk bezero gisa duen ikuspegia... Beste hiru lan ere agertzen dira Senez-en: Kataluniako telebista bikoizketari buruzkoa bata; euskarazko bikoizketaren historia azaltzen duena bigarrena; eta Galiziako itzulpengintza eta bikoizketari buruzkoa hirugarrena.