argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Konstituzionalaren ezetzaren zain
Xabier Letona Biteri @xletona 2008ko irailaren 07a
Arnaldo Otegi
Udako garaiak ez dio ekarri berrikuntzarik Eusko Legebiltzarrak onartutako Kontsulta Legeari. Irailaren 15erako espero da Auzitegi Konstituzionalaren erantzuna, Legea beraren arabera, orduan zehazten delako kontsulta 25ean egingo dela. Eta katramila honetan guztian zerbait ziurra badago, hori da kontsulta ez dela egun horretan egingo ezta epe laburrean ere. Beste kontsentsu maila bat behar da kontsulta hori egin dadin, gaur egun ez dagoena. Euskal Herrian gutxiengo handi baten betoa indarrean da eta horrexek berak erakusten du argi arazoaren gakoetako bat non dagoen.

Udak ez du hirukoaren erantzun zehatzik argitu, baina Europako Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegirantz begiratu da, jakinik ia ezinezkoa dela hortik ezer ateratzea, baina erantzunari dimentsio juridikoa ere emanez. Eta logikoena da pentsatzea kaleetan ere emango zaiola erantzun mailaren bat, Madrilgo ezezkoari herritarren jardun zuzenarekin ere ihardesteko.

Ortzemugan hauteskundeak besterik ez dira ageri, eta oso lauso oraindik. Kontsulta Legearen ekaitza horretan geratuko da, gehien jota ekaitz tropikalean, hortik ez da hurakanik sortuko. Edozein eratan, kusi beharko da Ibarretxe auziak eta EAJren lehendakarigaiaren izendapenak nola eragiten duten bere abiadan, epe laburrean bietan izango baita urrats berririk.

Judiziala da bero-bero datorren beste eremua. EAE-ANV aspaldi ari da nozitzen, eta modu anitzez, Baltasar Garzonek bere jardueraren aurka agindutako autoa, baina oraindik airean da Espainiako Gobernuak hasia duen ilegalizazio prozesua. Hobeto esanda, airean epeei dagokionez, epaiari begira Auzitegi Gorenak ilegalizazioaren bidea berrestea besterik ez baita espero, Alderdiaren Legea dela eta, dagoeneko ezagunak bezain baldarrak diren argudioekin. Beste horrenbeste EHAKrekin. Ezker abertzalearen aurkako zokoratze politikak berean jarraituko du. Arnaldo Otegiri argi erantzun zaio espetxetik atera denean: negoziazioa eta elkarrizketaren bideak itxita daude. Eta horiek sikiratuak, eta legezko jardun politikorako bideak ukatuak, ezker abertzaleko abangoardiak jarritako leloa inposatuko da aukera bakar gisa: “Borroka da bide bakarra”.

Otegiren espetxealdia dela eta, gutxienez esan liteke 15 hilabeteko isiltasuna bitxia izan dela. Ez da argitu zertan arituko den, baina judizialki erabat zokoraturik dagoelarik eta politikoki kamustua, berunezko pausoak eman beharko ditu Batasuneko zuzendaritzako ia guztiak bezala berriz espetxean ez amaitzeko.

Iñaki de Juana preso ohiak bezala, ihesari eman ezean, honek ere bereak eta bi egin beharko baititu jazarpen judizialari ihes egiteko. Aurreikusita zegoen bezala, Estatua bere auzia baliatzen ari da presoen eremuko zigor politika gogortzeko eta terrorismoaren apologiaren jurisprudentzian esparru berriak irekitzeko.