Napoli, 1907ko apirilaren 7a. Vesubio mendiaren erupzioak Italia hegoaldeko hiria suntsitu zuen erabat. Handik urtebetera Olinpiar Jokoak Erroman burutzekoak ziren. Baina Italiako gobernuaren ahalegin guztiak Napoli berreraikitzera bideratu ziren, eta jokoak beste baterako utzi zituzten. Hiru urte lehenago Berlinek ere hautagaitza aurkeztu arren, Londres aukeratu zuten ordezko, eta urtebetean 68.000 lagunentzako tokia zuen White City estadioa prest zegoen Ingalaterrako hiriburuan.
Jokoak 1908ko apirilaren 27an inauguratu zituen Eduardo VII.a erregeak. Atletak eta ekitaldiak egun gutxitan biltzeko gaurko erraztasunik ez zegoenez, urriaren 31ra arte luzatu ziren. 2.000tik gora atletek parte hartu zuten 21 kiroletako 110 probatan. 22 herrialdeko ordezkaritzak joan ziren eta, lehen aldiz, herrialde desfilea egin zen. Lehenengoz (ez azkenekoz) arazo politikoak azaleratu ziren desfilean: atleta irlandarrek uko egin zioten bandera britainiarraren atzetik joateari, finlandiarrek ere ez zuten ikur errusiarraren atzetik ibili nahi izan, Suediako bandera ez zen azaldu eta estatubatuarrek ez zioten erregeari erreberentziarik egin.
Kirol esparruari dagokionez, etxekoak izan ziren garaile, 100 urte geroago gertatu bezala; Erresuma Batuak 145 domina lortu zituen, diotenez, etxeko epaileei esker neurri handi batean. Jokoetako izarra, ordea, Ray Ewry izan zen. Hirugarrenez altuera jauzia irabazita, jokoen historian zortzi urrezko domina irabazten lehena izan baitzen estatubatuarra; mende bat geroago Ewryren herrikide batek joko bakarretan lortu berri du balentria hori.
Baina Londresek garaipen garrantzitsuagoa lortu zuen olinpismorako. Aurreko hiru edizioen porrotaren ondoren, ingelesek gaur egungo antolaketa eta egituraren oinarriak ipini zituzten, proba ugari gehitu eta jendetza bildu. Guztia, urtebete eskasean antolatutako jokoetan.
Pierre de Coubertin-en espiritua zabaldu zen, zentzu guztietan. Baroiaren misoginia bere espiritu olinpikoa bezain handia zen, eta Londresko jokoetan, 2.035 atletaren artean, 36 emakumezkok baino ez zuten parte hartu. Hobetu beharreko marka kaskarrak ere utzi zituzten beraz.