argia.eus
INPRIMATU
Irredentismoa: nazionalismoaren fenomenoa
Mikel Asurmendi @masurmendi 2008ko irailaren 07a

Zeri deitzen zaio irredentismoa?


Irredentismoa estatu baten barruan bizi den gutxiengo komunitate baten egoerari deitzen zaio, estatu bereko komunitate gehiengoa erreferente bezala duena. Nazionalismoaren barruan irredentismoaren gorakada nabarmena da. Adibidez, Irlandan nazionalismo klase batez hitz egiten badugu ere, gehiago ari gara irredentismoaz. Baltikoan dauden komunitate errusiarrek sortuko balute proiektu politiko bat, Hego Osetiarena kasu, irredentista litzateke.

XX. mendean egin diren akordio politikoak hain dira negargarriak ikuspuntu objektibo eta zientifiko batetik, hain dira gaizki eraman, ezen horrek sorrarazi dituela komunitate txiki batzuk geratzea akordio horien barruan. Gainera, estatuek ez badute errespetatzen beren eskubideak epe erdira, 30-50 urtera bertan elite politiko bat sortzea logikoa da eta berriz ere komunitate nagusiekin biltzea planteatzea. Maila batean, Hego Osetian gertatzen ari da hori. Oraingo estatuak [Georgia] ez ditu osetiarrak aintzaz hartzen, eta bitartean Errusiak arrazoi zitalengatik errespetatu egiten ditu, babes politiko eta pasaportea emanez, adibidez. Modu horretan posible dute jende hori Errusiaren alde jartzea. Berdin gertatuko da Balkanetan eta Baltikoan. Herrialde baltikoek ez badituzte beren politikak aldatzen, irredentismo moduko bat gertatuko da han ere nolabait.

Aldatu al da herritarrek nazioaren kontzepzioa edo berau bizitzeko edota ulertzeko izan dute modua?


Bai, presio zientifiko eta politikoarengatik aldatu ere. Munduko elite politikoaren eraginez, gero eta nazio gehiago sortzen da termino instrumentaletan. Hau da, nazio asmatu egiten direla-eta, eztabaida dago. Orain oso modan dago esatea nazioak asmatu edo eraiki egiten direla. Nazioaren ikuspuntu instrumentala dagoela, alegia. Baina horrek ekarri ditu ere beste fenomeno batzuk, nazio osagai izan ez dutenek beren burua nazio bezala identifikatzea. Italiako Padanian edota Boliviako Media Luna eskualdean, kasu. Horiek, nire ustez, ez dira nazioak, ez dira etnia bat izan, ez dute berezko hizkuntzarik. Badituzte beren espresio partikularrak, baina ez dira sekula nazio izan eduki etniko batekin. Beraiek hartu dituzten osagaiak nazionalismoaren erretorikoak dira. Diskurtso nazionalista oso indartsu bat sortu dute, oso sendoa, ez dutelako inongo mugarik: ez hizkuntzak, ez erlijioak, ez kulturak, ez zientziak ez politikak ez die inongo mugarik jartzen. Ez ziren existitzen eta beraien proiektu politikoa erretorika nazionalista baten azpian gauzatu dute. Baina ez dira nazio bat, ez dute emantzipatu nahi, ez dute beste herrialdeekin harremanik, beste proiektu politiko zehatz baten barruan bentaja nahi dute.

Lehen oso termino existentzialistetan hitz egiten zen nazionalismoari buruz. Eta zentzu batean, oso oker, termino arrazistetan edo existentziari begira, hizkuntzari edo erlijioari begira. Gaur egun, aldiz, joera politiko eta zientifikoa, orokorrean, politikoki zuzena omen dena modu guztiz kontrakoan planteatzen da: nazioak existitu egiten dira baina instrumentalak dira, baliagarriak izan behar dute, hizkuntzak ez du balio erlijioak ere ez, politikak ez du inporta, ezerk ez du inporta. Nazionalismo mota honek egitate oso instrumentalak darabiltza. Botere zenbaitentzat oso erabilgarriak dira, botere handia ema diezaiekete erabiltzen baldin badakite. Kontu da, herritar horiek sentsazio arraroa bizi dute, nonbaitekoak diren sentsazioa eta hori errespetatu behar zaiela.