Interneteko edozein web-etan sartzen garenean, aaa.bbb.ccc.ddd itxurako zenbaki batek bideratzen du gure eskaera. Zenbaki horiek IPv4 protokoloak dira eta guztira era horretako 4.000 milioi zenbaki erabili daitezke, hau da, 232 zenbaki. Une honetan 700 milioi baino ez daude emateko eran, gainerakoak banatuta baitaude, eta 2011rako zenbaki guztiak banatuak izango direla uste da. Horren arabera, urte horretatik aurrera ezin izango lirateke Interneten web-helbide berriak aktibatu.
Baina ez da larritu behar, arazoa aurretiaz ikusita baitzegoen. Horrela, IPv6 formatua asmatu zen, eta horren bidez 2128 zenbaki bana daitezke. Beste hitz batzuekin esanda, munduko hondartzetan dauden hondar ale guztiak baino askoz ere gehiago.
Europako Batasuneko informazio gizarterako arduradun Viviane Reding komisarioak Europako estatuei abisua eman die, Interneteko formatu berria sustatu behar dela adieraziz. Frantzian, adibidez, hornitzaile bi baino ez dira hasi oraingoz protokolo berria eskaintzen: Free eta Nerim. Protokolo berrian aritzeak aldaketa ugari ekarriko ditu, router-etatik hasiz, sistema eragileetatik jarraituz eta egunero erabiltzen ditugun programetaraino. Zer esanik ez, egun indarrean dauden web-helbideak ere migratu egin beharko dira.