Espainia edota hispanitatearen alde pentsalari eta apostolu esanguratsuenek idatzitakoak aztertu ditu Joxe Azurmendik Espainiaren arimaz liburuan. XIX. mende osoan eta XX.eko gehientsuenean Zezen Larruko intelektual askok izan zuten Espainia hizpide: Unamunok, Ortega y Gassetek, Menéndez Pidalek, Menéndez Pelayok, Salvador Madariagak, Sánchez Albornozek, Costak, Ganivetek... baita Pío Baroja berak ere. Hau da, faxistetatik hasita, ustezko aurrerakoienetaraino Espainiaren arima eztabaidagai izan da. Haren beheraldia, endekapena, gaixotasuna.... Alegia, nor izateko beste batzuk zapaldurik izan behar dituen herrialde baten ideologia, beti inperiala, baita sarri arrazista ere.