Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Boletín aldizkariaren azkeneko alean gogoan dute 2008ko martxoaren 8an zendu zen José Ignacio Tellechea historialaria. Nola ez, hainbeste urtean aldizkariko kolaboratzaile fin izan baitzuten. José Artecheren iloba hau zenbait unibertsitateko irakasle izan zen, baita ehundik gora historia ikerketaren egile ere; kontaezinak dira hark emandako hitzaldiak. Boletín-en bere omenez idatzitako lanen sinatzaileen artean Mª Rosa Ayerbe aldizkariko idazkaria, José Maria Setién Donostiako gotzain emeritua, José María Urkia Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendakaria, Juan Carlos Sánchez Ciudad Rodrigoko apaiztegiko zuzendaria, Luis E. Rodríguez-San Pedro Bezarés, Juan Garmendia Larrañaga, Juan Antonio Garmendia Elósegui eta José María Echarri Campo daude.