Zurezko azken baporea

  • “Itsasoak ez du esperantzarik” idatzi zuen euskal idazleak, orain ia 40 urte. Joan den uztailaren lehen egunean hasi zituzten Zumaian Orioko egurrezko azken arrantzontziaren desegite-lanak. Zeruko Ama baporeak behin-betiko utzi dio itsasoratzeari.
Zeruko Ama, egurrezko azken arrantzontzia
Zumaian txatarrerako balio duen guztia kendu eta gero, geratuko den egurra txirtxilatu eta Zarautza eramango dute Zeruko Ama, hango erraustegian erretzera. Ekainaren 29an, Jagoba Solaberrieta Zumaian izan zen, azken urteotan lantoki eta bizileku izan duen egurrezko baporeari azken agurra egiten. Urteetako bizipenak eta oroitzapenak pilatu zitzaizkion eta nekez lortu zuen negar malkoei eustea.
 
Barkua Zumaiako Bedua ontziolan egin zuten 1968. urtean, Orioko dorronsorotarrentzat. Orain, Zeruko Ama erretiratuta, zazpi besterik ez dira geratzen, denak txapazkoak: Montserrat, San Antonio, San Luis, Aingeru Guardakoa, Ave Maria, Cantabrico Berria eta Gure Gogoa. Baina garai hartan bapore asko zen Orion, 28 izatera iritsi ziren. Izenei erreparatuta, Vatikanoaren flota ematen zuen oriotarrenak: San Martin, San Jose, San Juan, San Nikolas, Aita Guria, Corazon Santo, Reina de los Angeles, Reina Maria, Madre del Mediterráneo, Madre del Cantábrico, Pablo VI…
 
Zumaian sortutako ontziak Zarautzen izango du bukaera, itsasotik gertu baina lehorrean. Orain dela 15 bat urte arte ez zen horrela izaten, itsasontziak itsasoan bertan hondoratzen baitzituzten, kostaldetik 15 bat miliatara, Komandantziak agindutako tokian. Baina sarea hondo-hondotik pasatzen duten arraste-ontziei kalte handia egiten zieten hondoratutako barku haiek eta agindua eman zen gehiago ontzirik ez botatzeko itsas hondora.
 
Hogeita hiru urteko Jagobak ikasketei helduko die berriro, lehorreko bizimodu berrian lan txukun samar bat eskuratzeko asmotan. Jagoba baino lau urte zaharrago den Asier anaiak kamioi batean txofer hasteko asmoa du. Bi gazteon aita Pedro Mari, Zeruko Amako patroia, erretiroan ari da pentsatzen. Pedro Mariren anai gazteagoek, Linok eta Eusebiok, oraindik ez dute garbi nola erantzungo dioten bizitzak ekarri dien ataka berriari. Itsasoa utziko ez dutenak senegaldarrak dira, Solaberrieta familiako bost kide horiekin batera Zeruko Ama baporeko eskifaia osatzen zuten zortzi afrikarrak. Gazte beltzek ere jatorria itsas girokoa dute, Dakar-eko kostaldea, eta gustura dabiltza itsasoan. Dagoeneko topatu dute nondik itsasoratzen segitu: bost Orioko ontzietan hasita daude; bi Hondarribian; eta bat Bermeon.
 
Udaberria bukatu den arte Zeruko Ama itsasoan ibili da, arrainaren atzetik. Berdel asko lehorreratu dute, txitxarro pixka bat ere bai. Antxoa ezin izan dute harrapatu, galarazia zuten. Eusko Jaurlaritzak bidalitako biologoek esan dutenez, antxoaren biomasa ez da nahikoa hazi haren arrantzaren debekua bertan behera uzteko. Haien ustez, egoera honetan antxoa harrapatzen hasteak arrain preziatu hori Euskal Herriko itsasotik behin-betiko desagertzea ekar lezake.
 
Bisigua aspaldi desagertu zen gure artetik, orain antxoa da kili-kolo dabilena. Zein izango da hurrena? Pedro Mari Solaberrietak aitortu du neurri batean arrantzalea bera dela arrainaren galeraren erruduna; baina seguru dago errudun nagusia Prestige petrolio ontziaren isurketa ikaragarri hura izan zela: “Antxoak planktona jaten du, eta isuritako petrolio hark akabatu egin du plankton hori, eta antxoak ez dauka zer jan”.
 
Azken urteotako gainbehera azkarrak aspaldi samarreko garai batean du hasiera. “Milla bederatzireun ta lenengo urtian, maiatzaren amalaugarren egunian, Oriyoko erriko barraren aurrian, balia agertu zan beatzik aldian”. Horrelaxe dio bertso sortako lehen aleak, Euskal Herrian harrapatutako azken baleari buruz. Mendetan huraxe izan zen Euskal Herriko kostaldeko herrietako aberastasunik handiena: balearen harrapaketa. Baleak harrapatzeko erabilitako traineruak kirol lehiaketarako ontzi bihurtu zirenean beste arrantza mota bati ekin zioten, asmatu berriak ziren bapore txiki haietan. Egurrezko bapore txiki haietatik etorri ziren Donibane Lohitzunen hasi eta Zierbena bitartean euskal portu guztietan hain errotuta egon diren egurrezko arrainontziak, harik eta orain dela hamarkada gutxi txapazko ontziak egiten hasi ziren arte.
Madeiratik Azoreetara

Zeruko Amaz galdetuta, hitzak arrapaladan etortzen zaizkio patroiari: “Zeruko Ama 1992an erosi genuen. Ordurako, Reina, gure aurreko baporea, txiki geratu zitzaigun eta Zeruko Ama erostea erabaki genuen. Lehenengo urtean Madeira irletan, Almerian eta Mallorca aldean ibili ginen arrantzan. Handik hiru urtera izan genuen sasoirik onena, 1995ean: Azoreetan, hura zen arraina harrapatzea!”. Begiak piztu egiten zaizkio Zeruko Ama baporearen lehenengo urteak gogora ekarrita: “Urte onak izan ziren, itsasoan arrain asko zen, eta arraina ordaindu egiten zen, orain asko jaitsi da harentzako estimua ere, inork ez du etxean sukaldeko lanik egin nahi, errazagoa da harategian haragi-bolak erosi eta haiek jatea. Zimarroia eta hegaluzea erruz zen han orduan. Gainera gasolioa ere merke genuen, 20 pezeta balio zuen litroak, orain 0,72 euro balio du, orduko 120 pezeta, horrela ez du merezi itsasoratzea, erregaiak eramaten du arrainarekin ateratako diru guztia”.
 
Ea itsasoan inoiz okerrik izan duten galdetuta: “Egia esan, guk zorte ona izan dugu itsasoan: nik bizitza osoa itsasoan eman dut, 13 urterekin hasi nintzenetik. Egun txar askoak pasa bai, olatu ikaragarriekin kezkatuta, baina okerrik ez dugu inoiz izan. Gogoan dut, Azoreetan ginela, behin Bermeoko Lezoko Gurutze baporetik nola erori zen kareletik kanaberarekin lanean ari zen arrantzale bat. Ez zen ito, ez zuen denborarik izan, uraren hotzak emandako inpresioak hil zuen gizajo hura”.
 
Solaberrietak ez ditu urruti 60 urteak, eta hilabete batzuk egitea besterik ez zaio falta, aurrerantzean erretiro duin samarra kobratzen hasteko. Hilabete horiek beste bapore batean bete beharko ditu, Zeruko Ama arrantzontzia itsasotik ama lurrera itzuli da-eta hauts bihurtuta.

ASTEKARIA
2008ko abuztuaren 03a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Analisia
Araba: Zer isla elektoral izango du aldaketak?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia nabarmentzen ari da, Araba erabakigarria izan daitekeen herrialde bihurtuta. Dinamika hori ulertzeko, azken hamarkadan Araban izandako hauteskunde-bilakaera aztertu behar da. Hiru aldi... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude