Mestizaiaren bidetik

  • Getxo, Gasteiz zein Donostiako jazz jaialdiek soinu ugaritasuna ekarri dute euren aurtengo edizioetan. Musikariek, alor guztietan nagusitzen ari den homogeneotasunetik ihesi, originaltasuna bilatu dute, horretarako beren baitara bilduz. Emaitza kolore anitzeko inprobisazioa izan da.
Udako jazz jaialdiak
New Orleans-en sortua, portura iritsitako esklabo beltzen kantuak, amerikar guda zibileko martxa eta musika-tresnak, europar musikak, Karibeko erritmoak, kristau tradizioko eliz musika... Gezurra badirudi ere, horiek izan ziren jazz musika berriaren osagai ia kontrajarrietako batzuk.
 
Luzea izan da geroztik jazzak eginiko bidea baina esperimentazioa eta bat-bateko inprobisazioa izan dira bere ezaugarri nagusiak beti. Handik eta hemendik edaten, aberasten joan da. Izan ere, musika mota hutsa baino areago, jarrera izan da. Esperimentazioa eta inprobisazioa oinarri duen jarrera musikala.
 
Horregatik, musikari bakoitza interprete izateaz gain, sortzaile ere bilakatu da, tradiziotik edateaz gain ekarpen handiak eginez. Etengabe eraberritzen ari den musika bizia da jazza, uztailean ikusi ahal izan dugun moduan.

Estatu Batuetakoa?

Mestizaiari loturiko sorrera izan arren, jazza laster bilakatu zen estatubatuar kulturako adierazpide garrantzitsuena askorentzat, eta mundura hedatu zen. Baina, jasotakoa abiapuntu, musikari bakoitza bere hizkuntza propioa sortzen saiatu da geroztik eta, sortzaile bakoitzaren inguru eta mundu ikuskera halabeharrez islatu da musikan, estatubatuarra izan ala ez.
 
Wayne Shorter, Richard Bona, Maria Schneider, Arturo Sandoval, Keith Jarret... Mundu eta proposamen guztiz ezberdinak ikusi ahal izan ditugu uda honetako Getxo, Gasteiz eta Donostiako kontzertuetan: Wayne Shorterrek New Jerseyn (AEB) jazz estatubatuar tradizioaren onena izan du inguruan eta inprobisazioaren muinera joatea erabaki du, forma tradizionalak deseginez. Aldiz, Richard Bona kamerundarra herrixka batean hazi zen aitonaren balafoi soinua entzuten. Bere jaioterriko kantukerari baxua jotzeko era erritmikoa gehitu dio eta munduak bere exotismo freskoa goraipatu du –guztiz gomendagarria African Tale DVD biografikoa–. Maria Schneiderrek Gil Evans eta konposatzaile-zuzendari handien lekukoa hartu du, musika sinfonikora gerturatuz kasik; eta Arturo Sandoval kubatarrak salsaren beroa eta espektakulua uztartu ditu, latin jazz izeneko azpi-sailkapen zabal eta ezagunean. Keith Jarrettek, musika idatziaren ezagutza zabalari esker, bide berriak ireki dizkie autore klasikoei –Mozart, Bach...– musika idatzi eta inprobisatuaren mugak gaindituz, baita doinu “kultu” eta “herrikoi”-en artekoak ere.

Globalizazioa eta herrikoi izatearen balioa

Eta, hara! Mundu gero eta globalizatuagoan bizirauteko norgehiagokak, paradoxikoki, nor izatera behartu ditu sortzaileak; nork bere izaera arakatu, esentziara bueltatu eta bertatik garatu beharra ekarri du, birtuosismo handiz, gainera.
Horretarako, beren herrietara begiratu dute batzuek, urrunagora besteek; sustrai bila edo besteekin nahasketa berriak sortzeko asmoz. Herri musikak benetako altxor bilakatu dira, inspirazio iturri amaigabe. Xumetasunak soilik dakarren egiazkotasuna balio handikoa bilakatu da gaurko mundu standard-ean –zein kuriosoa jazz hizkeran, standard hitza jazzlari orok ezagutu beharreko kantak izendatzeko erabiltzea–.
 
Amaigabeak dira herri musikekin eta baliabide berriekin egindako nahasketak. Batzuek izen eta izan berria eman diote jazzari: Javier Limon eta Buika jazz flamenkoaren, latin jazz-aren eremuetan mugitu dira; bossa nova brasildarra ekarri digute gogora Rosa Pasos eta Milton Nascimentok; Afrikar ekialdeko erritmoak eta Amerikako pop, jazz, soul eta R&Baren eraginpeko ahots-harmoniak nahastuta aurkeztu ditu Toto Bona Lokua proiektuak.

Bertsoa & jazza: inprobisazioak lotuta

“Inprobisazioan oinarritutako bi kultur adierazpen garrantzitsuenak elkarrekin: jazzeko musika inprobisatua eta bertsolarien hitz inprobisatuak” zioen egitarauak. Bertsoaren eta musikaren arteko harremanari heltzeko era berria proposatu du Bixente Martinezek Donostiako Jazzaldian. Euskal musika eta bertsoa ederki ezagututa, inprobisaziotik lotu ditu bertsolaritza eta jazza, ez musikaltasunetik. Eta hori, gezurra badirudi ere, harreman mota berria da, orain arte musikari gehienek egindako hurbilketek musika baitzuten helduleku, musikan bilatzen baitzuten gertutasuna, bertsoaren alde bereziena alferrik galduz askotan; kasurik txarrenetan erdizkako bertso-musikatu bilakatuz. Bertsolaritza ezin da musikaren ikuspuntu hutsetik baloratu. Gainera, osotasunean hartuta, a capella kantakera biluziak ez al dio hitzaren birtuosismoa hobe ulertarazteko oreka ematen?

Mugez gaindi

Elkar eragite eta mugen gainditze honetan, pentsa nola aurkeztu duen bere burua Pink Martini taldeak: “1930eko Kubako dantzarako orkestra baten, ganberako orkestra klasikoaren, Brasilgo kaleko txaranga baten eta Japoniako zine beltzeko film baten artean kokatzen da Pink Martini”.
 
Musica Nuda bikote bereziak, aldiz, Lennon-McCartney, Sting, Serge Gainsbourg, Jacques Brel, Haendel edo Monteverdiren lanen interpretazioak eskaini ditu. Horrelakoen aurrean “hau jazza al da?” galdetzen du batek baino gehiagok.

Elektronika eta dantza

Urrun daude dagoeneko Miles Davis eta Herbie Hancock elektronika erabiltzen hasi zireneko garaiak. Elektrojazz-ak jarraitzaile ugari ditu eta asko dira musika-tresna akustiko eta baliabide elektronikoak uztartzen dituzten taldeak. Dantzarako musika bihurturik, gazte ugari mugitzen da ospe handiko DJ-ek jarritako musikaren erritmora. Eta, hara non, hauek askotan elektronikaren perfekzio hotza epeltzeko zuzeneko musika-tresna akustikoak gehitu nahi izaten dituzte euren saioetan.
Oso bestelakoa Lucia Lakarra eta Asami Maki Tokioko balletak Duke Ellington swing dantza klasikoari egindako ekarpena, zuri-beltzeko zinemaren sofistikazioz betea.

Gaubira eta Mikrofono Irekia, jazza kalera! Gazteak erakartzeko era?

Gau osoan hainbat kaleko ekimen musikal eta artistikotan parte hartzeko aukera eman du Donostiako Jazzaldiko Gaubira planak. Zentzu berekoa izan da Mikrofono Irekia espazioa ere; parte hartu nahi izan duen talde orori eman zaio aukera. Publiko gaztea erakartzeko era, ziurrenik.
 
Izan ere, Jazzaldiek iraungo badute, entzuleen gustuekin batera eraberrituko dira egitarauak eta entzundako musika berriekin aldatzen entzuleen gustuak pixkanaka.
 
Egia esan, Jazzaldien alde banatan pentsaturik, idatzi al daiteke euskal kantuak dioena: “...jazzak bizi gaitu eta bizi bedi!”?

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude