Euskal nekazari, abeltzain eta arrantzaleen sektorea egoera tamalgarriaz kexatzen ari da; salmentan aldaketa nabarmena gertatzen ez bada behintzat, sektorea amaierara kondenatua egongo baita. Landan eta itsasoan lan egin eta produktuak merkatuan saltzen diren arte, kasurik onenean zazpi aldiz gehiago ordaintzen da. Negozioa egiten dutenak bitartekariak eta banatzaile kateak dira eta galtzaileak laborariak eta kontsumitzaileak. Egoera hori errotik aldatu behar da. Bide horretan, kontsumitzaileak eta ekoizleak onuradun izango diren bi ekimen oso interesgarri egin dira Euskal Herrian azken asteotan. Ekimen horiek bitartekariak dagokien lekuan jarriko dituzte, azken finean horiek baitira prezioen igoeren arduradun nagusiak.
Abeltzain eta nekazari sektoreak, EHNEren eskutik eta kontsumitzaileen elkarteen lankidetzarekin, prezioen Behatokia sortzea eskatu du, jatorrian eta helmugan ordaintzen dena aztertzeko. Produktuaren prezioaren garapena aztertu ahal izango da nekazaritza ustiapenetik irten eta merkatura iritsi arte. Bide horretan, hiriburuetan “merkatu gardenak” izenekoak martxan jartzen ari dira, produktuaren ekoizpen kostuaz, ekoizleei ordaintzen dietenaz eta kontsumitzaileek ordaindu beharko luketenaz informatzeko.
Esate baterako, Hondarribiko arrantzaleek Irungo La Bacaladera enpresak euren hegaluze, atun eta berdelak komertzializatzea erabaki dute. Bitartekarien aurkako eraso zuzena egin dute hortaz, euren sektorea salbatzeko eta kontsumitzaileei mesede egiteko. Balio beza besteentzat.