argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Zerbaitetarako balio al dute antidepresiboek?
Jabier Agirre 2008ko abuztuaren 03a
Prozac
Munduan Prozac hartzen duten 40 milioi pertsonak oker daudela onartzea kosta egiten da, baina Britainia Handian egindako ikerketaren arabera, horietako gehienek botikarekin duten hobekuntza ez litzateke botikak eragindakoa izango, bere depresioaren kontra zerbait hartzen ari direla jakitearen eragin psikologikoaren ondoriozkoa baizik.
Hull-eko Unibertsitateko talde batek 47 saiakuntza kliniko aztertu ditu, bai konpainia farmazeutikoek argitaratutako datuak eta baita kaleratu gabeko beste hainbat datu ere kontuan hartuz (azkeneko horiek eskuratzeko epaitegietara jo behar izan zuten ikertzaileek, Informazio Askatasunaren Legea oinarri hartuta).
 
Ikerketak dioenez, antidepresibo belaunaldi berriak –horien artean daude Prozac eta Seroxat botikak– depresio arin eta moderatuetan duten eragina plazeboaren antzekoa da, hau da, berez ez dute inolako ekintza terapeutikorik. Egoera larriagoetan ere, botika horien eragina txikia izango litzateke, zalantzagarria ez esateagatik. Horrek esan nahi du depresioak jota dagoen jendeak tratamendu kimikorik gabe hobera egin dezakeela, ikerketaren arduradun Irving Krisch irakaslearen hitzetan. Krischek gehitu duenez, emaitzak ikusita ez dirudi oso arrazoizkoa depresioaren kontrako botikak errezetatzeak, salbu kasu larrietan eta bestelako tratamenduek funtzionatzen ez badute.
 
Laborategi farmazeutikoak, noski, berehala mintzatu dira ikerketaren kontra. GlaxoSmithKline –Seroxat botika fabrikatzen du– eta Eli Lilly –Prozac-en fabrikatzailea– konpainia erraldoiek diotenez, eskura zegoen informazioaren parte bat besterik ez omen da erabili ikerketarako, eta esperientzia zientifiko eta medikoak ondotxo frogatu du antidepresiboak eraginkorrak direla. Borroka –ekonomikoa batez ere– hasi besterik ez da egin.
 
Erresuma Batuko Osasun Agintaritzak beste metodo batzuk saiatzeko gomendatzen die bertako medikuei, botika antidepresiboak errezetatzen hasi aurretik. Hori aurrera eramanez gero, galera ederrak izango lituzkete gaur egun hainbeste saltzen diren botika horien fabrikatzaileek.