Zerk bultza zintuen liburu hau idaztera?
Hainbat urte badira Luis ezagutzen dudala. Eta egia esan behar badut, beti gustatu izan zait bere istorioak eta kontuak entzutea. Kontu kontari ari direnean bereganatzen zaituzten hizlari arin eta bizkorrak ekartzen dizkit gogora. Entzulearen gogoa bahitzeko gai direnak, beste garai batzuetara, bertako kulturaren berri emateko elezaharrak eta pasadizoak erabiltzen dituzten lekutara eramanaz. Beharbada lilura horretatik sortu zitzaidan gure aurrekoen eskarmentutik ikasi eta haien lekukotza sakon ezagutzeko beharra.
Eta zein da Memorias de un editor de provincias-en ekarpen nagusia?
Entzute aitortua duen euskal argitaratzailea, idazlea eta historialaria da Luis. Liburuan zabal garatu duen lekukotasuna, gure oraintsuko historiaren isla zehatza da. Lan honetan, bere ikuspegiaren bidez Euskadiko kultur idatzia ezagutzera eman nahi nuen, irakurleak “desagertzeko zorian dagoen artisau lanbide” batera gerturatu, eta diktaduraren amaiera eta demokraziaren hasierako unea, gizarte mailan eta politikoki irakiten zegoen sormen izugarri aberatseko une historiko hori jendarteratu.
Lortu duzu helburua?
Baietz uste dut. Nolanahi ere, Luis eta Yolanda Apraizek egindakoaren bitartez, kultur munduan saiatu diren emakume eta gizon zintzoen lana eskertu nahi nuke; independente izanik euskal kultura hedatzeko eta aberasteko asmoz ahalegindu diren pertsonak baitira, nire ustez, askatasunaren aldeko borrokalaririk benetakoenak.