argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Errezeta zaharrak nagusi
Xabier Letona Biteri @xletona 2008ko uztailaren 29a
TORTURAK ETA TRATU TXARRAK salatu dituzte ustez Bizkaia komandoarekin zerikusirik dutelakoan atxilotutako herritarrek. Letra txikiz jaso dira salaketa hauek, kasurik onenean. Oraingoan ez da inor ospitaleratu saihetsa apurtuta eta soina belztua.
 
Ez dago berri nabarmenik ustezko komandoaren desegitean. Polizi operazioa, eragile politikoen poza, komunikabideen algara eta tratu txarrak. Berririk ez, baina zenbait jokaeraren areagotzea bai, batez ere Espainiako Barne Ministerioaren propagandari lotutakoak. Eta propagandatik harago, nekez uler daiteke hainbeste burrunba mediatiko, ez du zentzurik ez polizi eraginkortasunari dagokionez, ezta balizko biktimen ikuspegitik ere. Biktimekiko begiruneaz hainbeste berba egiten den garaiotan, ez da samur irenstekoa balizko biktimen izenak lau haizetara zabaltzearena.
 
Politikoki, ordea, baliagarria eta ondo neurtua da Alfredo Perez Rubalcaba ministroaren jokaldia. Komunikabideen aurrean zuzenean ondo moldatzen dela erakutsi du behin baino gehiagotan. Zeharka ere bikain moldatzen dela frogatzen ari da bere agintaldian.
 
Grande Marlaska, Rabanera, Benjamin Atutxa PSEko zinegotzia, Andaluziako kanpaina... luzea da aireratu den ETAren ustezko helburuen zerrenda. Gauzatzekotan larriak guztiak, baina ez berriak. Hobe inoiz gertatzen ez badira, baina ETAren jardunean espero litezkeenak, jadanik gisakoak egin dituelako aurretik ere.
 
PROPAGANDA funtsezkoa da gerrak irabazteko, Goebbelsi ondo baino hobeto ikasi zioten hori jardun horretan dabiltzanek. Eta hain zuzen horretarako da garrantzitsua hemen, segurtasun indarrak ETAren aurkako gerra irabazten ari direla erakusteko. Eta agian hala izango da, batek daki. ETAren jardueraren azken 30 urteak jarraitu dituenak, berehala ikusiko du erakunde armatuaren jarduera jaitsiera, edota polizi indarren eraginkortasunaren handitzea.
 
Baina horrek ez du ETArekiko garaipena ekarri eta denak adierazten du ez duela ekarriko. Eta ekartzen badu ere, horrek ez duela konponduko ETAren jardunaren atzean dagoen arazo politikoa. PSOEren eta PPren akordio berrietan ETAren amaierarako harekiko elkarrizketa erabiltzeari uko egin zaio berriz ere. Berdin da, dagokionean bestelakorik pentsatuz gero, ETArekin berba egingo delako, orain arte gertatu den bezala. Hala ere, zalantza barik, Zapatero-Raxoi akordio berri hau beste atzera pauso bat gehiago da su-etenaren hausturatik hona.
 
Jaurlaritzako hirukoari eta bereziki EAJri, aldiz, ondo datorkio, EAEko hauteskundeei begira PSOE eta PP elkarrekin agertzeak Patxi Lopezen irudia ahultzen duelako. Abertzale eta konstituzionalisten balizko emaitza parekatuetan, aldiz, PPk Lopez sostengatzea ere errazten du.