Versaillesgo probestu zenaren seme Antoine Nicolas Duchesne (1747-1827) agronomo eta botanikariaren eta bere jatorri asiarraren ohoretan du sasi-marrubiak Duchesnea indica izena. Lagun hau ez zen, ez, edozein! Erregearen baratzetako zuzendari Nollin abadearekin hara eta hona landare buxkan ibiltzen zen eta Frantziako ikastetxe ezagunenetako irakasle izan zen. Marrubiek, baina, txora-txora eginda zeukaten.
Hamazazpi urte bete gabe, 1764ko San Fermin bezperan Luis XV.a erregea zenaren aurrera berak ondutako marrubi alez betetako landarea zeraman lorontzi batekin azaldu zen; errege txolinak marrubiak dastatu, lehenaz gain laineza hartu eta bere mahaia hornitzen zuen baratzetan sail ederra landatzeko eta Trianongo landaretegian mundu guztiko marrubiak biltzeko agindu zion. Baita egin ere! Bilduma izugarria osatu zuen han. Garaiko puntako botanikariekin harreman estuak izan zituen, tartean Linneus ezaguna, egundaino landareen erreinua sailkatzeko erabiltzen dugun sistemaren sortzailea. Harreman haiei esker eraiki ahal izan zuen marrubien bilakaeraren historia.
Hemeretzi urte ziztrinekin, marrubi jendeari buruzko liburu bat idatzi eta argitara eman zuen, Histoire naturelle des fraisiers contenant les vues d'économie réunies à la botanique et suivie de remarques particulières sur plusieurs points qui ont rapport à l'histoire naturelle genérale (Paris, 1766). Marrubien historiaz sekula idatzi den izti edo tratatu adituena eta osoena. Liburuaren lehen atalean espezie bakoitzaren azalpen zehatzak, Europan noiz eta nola sartu zen eta bere laborantza eta zabalkundearen historia, loratze eta fruitutzearen oharrak, espezie bakoitzaren gaineko eguraldiaren eraginak eta botanikan sailkapena eta sistematizatzea amets hutsak ziren garai hartarako bereziki harrigarria zena, marrubien bilakaeraren historia osoa –zaharrenak, gazteenak, bakoitzaren jatorria, hibridazioak...– zuhaitz genealogiko batean zehatz-mehatz azaldu zuen. Liburuaren bigarren atalean marrubien laborantza nola gauzatu azaltzen du: ongarriketak, ugalketa, fruituen ontzea nola aurreratu edo atzeratzea... Geroztik inor ez da lan horri gaina hartzera ausartu...
Azpian hartu, 1789ko iraultzak hartu zuen. Errege usain handiegia ibiliko zuen eta zientzian zuen ospea izan ez balu bertan akabatuko omen zuten.