Kultur artekotasuna hezkuntzan

Elkarbizitza da giltza

  • Joera garbia da: datuek diote geroz eta etorkin gehiago datorrela Euskal Herrira eta jaiotze tasa handiena ere eurek dute. Ondorioz, fenomeno berri bati aurre egiteko neurriak hartu beharrean aurkitu dira ikastetxeak: nola jorratu kultur aniztasuna eta kultur artekotasuna eskolan? Arlo honetan curriculumak oraindik hainbat gabezia dituela azaldu dute gure mahai-kideek, eta hizkuntza arazoak gainditzeko programa garatuagoa behar dela. Teoriak teoria, ordea, argi dute denek: hezkuntza pertsonek egiten dute eta eguneroko praktikan, elkarbizitzan dago gakoa. Iritzietan, euren esperientzia kontatu digute hainbat ikasle etorkinek, Sakanako Mankomunitateak eta Urretxu-Zumarraga Ikastolak.
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2008ko abuztuak 03
Mario Zapata, Victoria Mendoza, Maria Jesus Imaz eta Joseba Ibarra
Dani Blanco

Zein da egun etorkinak eskolatzeko dagoen filosofia, ikastetxeetan banatzea?



Joseba Ibarra. Eusko Jaurlaritzak baditu publikatuta ikasle etorkinak herri bereko zentroetan banatzeko irizpideak, baina ez dakit hori den hitzik egokiena, batzuetan “banatzen” dugulako inork nahi ez duena. Irizpide horietan azaltzen da nola banatu epetik kanpo iristen diren ikasle sartu berriak. Oinarrian, gurasoek eskubidea dute seme-alabak edozein ikastetxetan matrikulatzeko (lekua eta baldintzak dauden bitartean), baina ohiko epetik kanpo (hots, ikasturtea hasita) iristen direnean, arazoari aurre egiteko Eskolatze Batzordeak erabakitzen du haurra zein ikastetxetan sartu, nahiz eta saiatzen diren gurasoek aukeratutako ikastetxean matrikulatzen.

Mario Zapata.
Dena den, nahastuta ez banago behintzat, edozein gurasok ere ezin du seme-alabak nahi dituen ikastetxe publikoan matrikulatu, baldintza eta muga batzuk daude (norberaren auzotik kanpo matrikulatu nahi badira eta abar).

Maria Jesus Imaz. Bai, baina irizpide horiek ez diete soilik etorkinei eragiten, edozein pertsonari baizik.

J. Ibarra. Dena dela, badirudi arazoa konpontzen dela pixka bat urrun geratzen zaigun hezkuntza-administrazioaren politikak haurrak ikastetxetan banatzen dituenean, baina orduantxe hasten da benetan heziketa lana. Batzuetan badirudi horretaz ahaztu egiten garela.

Eta gurasoen aukera lehenesten bada, ghettoak sortzeko arriskua eman daiteke?



Victoria Mendoza. Nik bai ikusi dut arazo hau. Hasteko, etorkinek iristen direnean ez daukate hemengo hezkuntza ereduen berri, ez dakite garrantzitsua dela seme-alabek euskaraz ikastea... Guraso etorkinen aldetik desinformazio handia dago, ezjakintasun handia, eta eskola antolakuntza, hezkuntza ereduak, hizkuntza ereduak... ez dituzte ezagutzen, oraindik ere. Etorkinak lehenengo laguntzak eskatzera joaten dira Administraziora, honek esaten dien lekura bidaltzen dituzte seme-alabak eta egia da hainbat herritan etorkinen eta ijitoen seme-alabak ikastetxe zehatzetan kontzentratzen direla. Beste batzuetan, etorkinen kulturaren arabera gurasoek askotan seme-alabak ikastetxe subentzionatu edo pribatutan matrikulatu nahi dituzte, publikoak baino hobeak direla pentsatzen dutelako. Gure herrialdeetatik ekarritako aurreiritzia da.

M. J. Imaz. Bat nator zurekin. Gure ikastetxera etorri zaizkigun familia gehien-gehienen seme-alabak ikastetxe erlijioso eta pribatutan matrikulatuta egon dira. Aurreiritzi edo ikuspegi hori dute, pribatuak euren beharrak hobeto aseko dituelakoan.
J. Ibarra. Beno, aurreiritzi hori bertakoen edo autoktonoen artean ere badago. Agian beste herrialde batzuetan hezkuntza publikoak ez du behar lukeen maila eta desberdintasuna nabariagoa da, baina bertako askok ere pentsatzen dute ordaintzen dena hobea dela. Eta ghettoen gaiari helduz, irizpide bezala esan daiteke ghettoa badagoela ikastetxearen errealitate sozio-kultural edo sozio-ekonomikoa ez datorrenean bat eskola dagoen zonaldearekin. Eta hori bi arrazoirengatik eman daiteke: filtroren bat dagoelako (ekonomia, erlijioa edo hizkuntza) etorkinak ikastetxe horretara bideratzen dituena, edo autoktonoek ihes egiten dutelako, pentsatuz ikastetxea ezaugarriak galtzen ari dela.

M. Zapata. Kontzeptuaren perbertsio bat dagoela uste dut. Herri bateko ikastetxean ikasleen %30 etorkinen seme-alabak direnean ghettoa dela diogu, baina Bilboko English School ikastetxean %30 Europako etorkinen seme-alabak badira, ez da ghettotzat hartzen. Kultur aniztasunaz mintzo gara, baina faktore sozio-ekonomikoa ere hor dago.

Orduan, ikastetxea auzoaren edo herriaren isla da ala asko desitxuratzen da?



J. Ibarra. Zonaldearen arabera. Nik adibidez Durangaldeko errealitatea ezagutzen dut eta zentzu horretan ez du zerikusirik Bilboko errealitatearekin.

M. Zapata. Bilboko alde zaharrean etorkinen seme-alabak ia gehiengoa diren ikastetxeak badira eta hori ez dator bat auzoko errealitatearekin. Bestetik fenomeno berria detektatzen hasia da, etorkinen seme-alaben kopuru nabarmena dauden ikastetxeetan, guraso batzuk euren seme-alabak beste tokietara eramaten hasiak dira, errealitate horretatik ihesi.

J. Ibarra. Hori dena orekatzen hasi dela iruditzen zait, halere. Ghettorako filtro handiena hizkuntza eredua da eta lehen, etorkinen seme-alabek (batez ere 7-8 urtetatik aurrera) ez zuten D ereduan izena ematen, ondoan beste ikastetxeren bat izango zutelako gazteleraz ikasteko aukerarekin. Azken hiru urteotan, ordea, D eredua duten ikastetxeetan geroz eta etorkinen seme-alaba gehiago matrikulatzen ari dira eta D eredurik ez zegoen ikastetxeetan ere D ereduko lerroak sartzen hasi dira eskolaurretik.

M. J. Imaz. Zentzu horretan uste dut Administrazioaren papera oso garrantzitsua dela, bera delako ildo nagusiak markatzen dituena eta familiei informazioa helarazten diena. Zein informazio ematen den, zein modutan informatzen den indartu beharko litzateke; informazio sare zabal bat sortu behar da, ondo egituratua eta azkarra. Izan ere, soilik ikastetxeetatik ez da lortzen, iristen zaizkizunerako egon daitezkeen aurreiritzi horien inguruan familiekin (etorkinak nahiz autoktonoak) lantzea zaila delako.

V. Mendoza. Administrazioaz ari garela, honek eskaintzen duen laguntzak baldintzatu egiten du. AEBetara bizitzera joan diren ilobak ditut, 11-12 urterekin iritsi ziren, eskolan ez zuten ezer ulertzen, dena ingelesez zelako, baina arratsaldero bizpahiru ordu eman behar izan zituzten ingelesa ikasten eta antolakuntza horri esker, sei hilabetetan hizkuntza mailan gainontzeko ikasleekin parekatu ziren. Guraso etorkinekin beti zailtasun hori daukat: “Nire seme-alabek zergatik ikasi behar dute euskara?”, esaten didate, eta norbaitek azaldu behar die hemengo hizkuntza dela, berreskuratzen eta kontserbatzen saiatzen ari direla. Kontua da Alemaniara baldin bazoaz ez dizutela jarriko espainolezko eskola bat haurrentzat, hango hizkuntza ikasi beharko duzu, baina hemen erraztasun handiak ematen dizkiete: ez zaie derrigortzen azterketak euskaraz aurkeztera eta hori jada akatsa da. Lortu behar duguna da nola egin gure seme-alabek euskara ikas dezaten, geroz eta ordu gehiago, maila bera lortu arte, besterik ez bada ateak irekiko dizkielako etorkizunean, lan mundurako. Ez dugu nahi gure seme-alabek soilik etxeak garbi ditzaten, mediku edo abokatu izatea ere nahi dugu eta euskara hemengo hizkuntza dela errespetatu behar dugu. Katalunian, esaterako, ia etorkin denek dakite katalanez eta hor nire ustez zerikusi handia dauka Administrazioak, etorkinen seme-alabei zer nolako errefortzu linguistikoa eman behar zaion zehazteko orduan.


Nola ulertzen duzue zehazki “integrazioa” hitza? Kulturen arteko elkar trukea da ala asimilazioa? Hau da, zeintzuk dira integrazioaren helburuak eta zer da hezkuntzaren bitartez bilatzen duguna?



M. Zapata.
Arazoa da maila teorikoan intelektualak ez direla ados jartzen. Eta berdin gertatzen da kultur aniztasuna, kultur artekotasuna bezalako kontzeptuekin. Praktikan, baina, ikastetxe batean inor ez da jartzen pentsatzen hartutako neurriaren atzean zein eredu teoriko dagoen: kultur aniztasuna, kultur artekotasuna... Maila teoriko horretan integrazio kontzeptuaz gurean nagusitzen ari den joerak integrazioa asimilazioarekin kontrajartzen du: asimilazioan etorkinek gure ohiturak eta kultura ikas dezatela soilik bilatzen da, eta integrazioaren eredu honetan, horiek bereganatzeaz gain, jatorriko kultura ez galtzea bilatzen da. Kontuak kontu, lehen esan bezala faktore sozio-ekonomikoak ezin dira albo batera utzi. Pertsona bat kulturalki integratzen bada, baina ekonomikoki baztertuta baldin badago, integrazio horrek ez du kohesiorik ekarriko.

V. Mendoza. Nik uste “integrazio” terminoa indargabetu eta gaizki ulertu dela. Etorkinoi hitz bezala ez zaigu gustatzen, kendu egingo genuke, “Tolerantzia Departamentua”, “harrera pisuak” eta halako terminoen antzera. Eta ez zaigu gustatzen hain zuzen asimilazioarekin asko nahasten delako. Etorkinen elkarteetan daramatzadan hamar urteotan hitza aldatzen saiatu naiz, guk “elkarbizitza kultur anitza” erabiltzen dugulako. Nola bila ditzakegu moduak kultur aniztasunean modu osasuntsu, inteligente eta egokiagoan elkar bizitzeko? Hori da bidea. Hona iristen garenean gure herrialdeaz galdetzen digute, gure kulturaz mintzatzeko eskatzen digute, baina oso gutxi hitz egiten digute iristen garen lekuaz. Heltzerakoan ez dakigu ezer Euskal Herriaz, bere geografiaz, historiaz, kirolez, kulturaz... Sentsibilizazioa ez da bi norabidetakoa eta horrek esan nahi du ez dugula lortuko elkarbizitza orekatua. Nik nire kulturaz hitz egiten dizut, baina Euskal Herriaz ez dakit ezer eta ez zait interesatzen, Caritas-era noa lehenengo laguntzak jasotzera eta hor esaten didate hau Espainia dela eta espainola ikastera joateko. Niri adibidez ilusioa egin dit hezkuntzari buruz hitz egitera gonbidatu nauzuelako, psikoterapia eta hezkuntza delako nire arloa, baina ia beti immigrazioaz hitz egiteko baino ez didate deitzen. Eta nik beti esan dut: etorkinek immigrazioaz gain beste mila gauzez ere hitz egin dezakegu, baina gure herrialdeko folkloreaz hitz egiteko baino ez digute deitzen. Finean, elkarbizitza kultur anitza egitea da gakoa, “kultur artekotasuna” kontzeptuarekin ere ez bainator bat.
J. Ibarra. Azkenean eztabaida terminologikoarekin galdu egin gaitezke, gainera terminoak denborarekin gastatzen joaten direlako. Baina integrazioaz ari bagara, pentsatu beharko genuke etorkizunean kohesionatuagoa egongo den gizarte batean, eta etorkizunean integratzeaz ari bagara, hor denak integratu behar gara, hemen jaiotakoak ere ez baikara etorkizunean oraindik integratu. Eta Victoria, zuk diozu etorkinen elkarteetatik ez dagoela Euskal Herriarekiko sentsibilizazio garbirik, baina bertakoen artean ere askotan sentsibilizazioa falta da. Sarri exijitzen ari gara iritsi berria den norbaitek bi eta hiru hizkuntza ikas ditzala edota gure curriculuma ikas dezala (munduaren gure ikuspegiarekin). Lehen komentatu da euskara ikastera ez dela derrigortzen: egia esan, curriculumak dio lehenengo bi urteetan euskarazko azterketa ez egiteko aukera dute, baina ikasi ikasi behar dute. Gu, ordea, sarritan ez gara gai urrats bat emateko euren kultura ezagutzeko edo nondik datozen jakiteko. Irakasleak berak askotan ez daki, adibidez, marokoarrak ez direla arabiarrak (Arabia Asian baitago!). Marokoar batzuk arabieraz –edo arabieraren dialekto batez– mintzatzen dira, baina erdiek edo gehiagok amazigheraz egiten dute eta amazigh hizkuntza ez da arabiera, bertako jatorrizko hizkuntza baizik, Ipar Afrikako 20 milioi pertsona baino gehiagoren ama-hizkuntza. Irakasleok ere argi eduki beharko genituzke horrelako gauzak. Jakin egin beharko genuke zein den gure ikasleen hizkuntza eta, batez ere, argi eduki gauza bat dela hizkuntza eta beste bat erlijioa. Bereizketa hori funtsezkoa da.

M. J. Imaz. Bai, orokorrean asimilazioaren kontzeptua gaizki ikusia dago teorikoki, baina gero egunerokoan entzuten dena bestelakoa da: “Aizu, hona etorri badira ikas dezatela, integratu daitezela eta nik uste dudanez hau ona dela guretzat, eurek ere bide bera jarrai dezatela”. Batzuetan irakasleen artean ez dago integraziorako asmorik, ezta interesik ere; teoria eta praktika ez datoz bat. Kulturaren elkar trukea? Horretarako ere kultur ikuspegia errotua izan behar duzu besteekin elkarbanatzeko, gure beharrak zeintzuk diren ezagutzetik hasi behar dugu. Azkenean, nik garrantzia ematen diot bestea ezagutzeari eta desberdina, anitza edo berdina duguna ikusteari, elkar banatuz, irakatsiz eta ikasiz.

Ikastetxean nola lortzen da integrazio edo elkar truke hori?



M. J. Imaz. Usurbilgo ikastolaren kasuan, herri txikia da gurea eta duela gutxi arte beste herrialde batzuetatik etorritako jendearen immigrazioa oso urria zen edo ez zegoen. 2000. urtean lehenengo aldiz iritsi zirenean ez genekien oso ondo zer egin. Ikastola da herrian dagoen ikastetxe bakarra, D eredua da, eta orduan hasi behar zara pentsatzen nola egin harrera ahalik eta atseginena eta denentzat onena izan dadin. Azkenean arazoak sortu ahala zoaz konponbideak bilatzen eta bidea egiten. Hasieran familia errumaniar bat izan genuen eta lehen oztopoa hizkuntza izan zen, komunikazioa. Lortu genuen itzultzaile bat etortzea eta urratsak ematen joan ginen. Praktika horrek balio izan zigun harrera programa bat egiteko, curriculum egokitua prestatzeko... Egunerokoa da nola lan egin erakutsi diguna, nahiz eta pertsona eta familia bakoitza mundu bat den; ez dago denentzat balio duen errezetarik. Antolakuntza aldetik, Ikastolen Federazioa ohartarazi genuen halakoetarako prestatzen joan behar ginenaz, seminario bat egin zen non zazpi irakaslek baino ez genuen parte hartu, eta beharra zabaltzen joan den heinean, ikastola eta irakasle berriak animatu dira parte hartzera. Seminario horietan joan gara ikusten beste ikastetxeetako esperientziak, bakoitzaren zailtasunak, konpontzeko neurriak... eta pixkana teoria, praktika eta beharrak uztartzen saiatu zara. Ikastolan bertan hainbat irakaslez osatutako lantaldea sortu genuen gai honen inguruan sentsibilizatzeaz eta sozializatzeaz arduratzen dena. Asko gara, oso desberdinak, bakoitza bere aurreiritziekin, eta horregatik asko dago oraindik egiteko sentsibilizazio mailan. Beti iruditzen zaizu geldo zoazela, beharren atzetik, ez zarela zailtasun guztietara iristen, gai konplexua baita.

V. Mendoza.
Nik iritzia eman dezaket Irun eta Donostialdeari buruz, mugitzen naizen zonaldea hori delako. Oraindik ghetto eta zailtasun asko dago, zuzenean etorkinei zuzenduriko lokutorio eta aisialdi guneak (diskotekak eta tabernak) daudelako. Hasteko, etorkina definitu behar bagenu, psikoterapiatik edo psikologia sozialetik niretzako migratzen duen edonor etorkina da, Afrikatik etorri, Madrildik edo Paristik. Kultur talka dago, familia uzten da, ohitura berrietara egokitu behar du... Aldaketak daude eta horrek eragin egiten du. Adibidez, irakasle bat kexu zen neskak ez ziolako kasurik egiten hitz egiten zionean, baina neska horren kulturak ez du uzten emakumeek gizonezkoei begietara begiratzen; beste hainbat ikaslek uste zuten irakasleak mania ziela, baina ez zen hala, kontua da gure kulturan mi vida, cariño... tratua oso ohikoa dela, eta hemen serioagoa da. Horregatik guztiagatik biziki gomendatuko nuke hemengo irakasleek esperientzia hauek guztiak elkar truka ditzatela beste herrialde batzuetako irakasleekin, hezkuntza eredu eta antolakuntza desberdinak ezagutzeko. Irakasteko era bera desberdina da, hona iristean adibidez asko harritu gintuen eskolak batik bat azalpenezkoak izateak, han askoz dinamikoagoak direlako, parte-hartze handiarekin; edota haurrentzako liburutegirik ez izatea; eta han jaio eta 40 egunera heziketa programak ditugu haurrentzat, baina hemen haurtzaindegiak baino ez zeuden. Kirolari eta arteari, kantuari, dantzari eskainitako denbora ere oso urria iruditu zitzaigun; han irakasleari errespetu gehiago diote haurrek, eta guraso eta irakasleen arteko harremana gure herrian askoz estuagoa da, hemen hotza da eta noizbehinkakoa. Iruditzen zaigu Lehenengo Mundura gatozela, Europa garatuenera, eta gauza askok harritu egiten gaituzte. Hala ere, egia da hemen esaterako irakasleak formalagoak eta serioagoak direla, han irakaskuntza oso ludikoa da, eta nik beti esaten dut hango eta hemengo onena elkartuko bagenu mirariak egingo genituzkeela. Gainera, kontu hauez guztiez hitz eginez gero, errazago ulertuko genuke gure seme-alabek eskolan nola erreakzionatzen duten.

J. Ibarra. Hain zuzen, askotan uste dugu etortzen direnak direla ikasi behar dutenak, baina guk ere asko daukagu eurengandik ikasteko. Dena den, Latinoamerikako kolektiboaz mintzatu zara, baina beste kolektibo batzuekin justu kontrakoa gertatzen da. Irakasleak kexu dira gurasoei deitu eta hauek ez direlako etortzen, hainbat herrialdetan pentsaezina delako gurasoak irakaslearekin hitz egitera joan behar dutenik. Gauza horiek jakin beharko genituzke irakasleok, beraiekin tratua errazteko. Halere, azken zazpi-zortzi urteetan, oraindik gabezia asko dagoela egia den arren, asko aurreratu dugula uste dut. Duela zortzi urte urduritasun handia zegoen ikastetxeetan, fenomeno berri honen aurrean, baina jada, etorkin kopuruaren areagotzea dela-eta, ikastetxe guztietara iritsi dira eta hasierako sustoa igaro da. Gutxi asko, denek dute harrera programa bat garatuta eta protokoloak argi dituzte. Arazoak gero datoz: ea nola lortu epe jakin batean etorkinak ikasle autoktonoen mailarekin parekatzea, ikas eta irakats ereduak hain desberdinak izaki (Administrazioak bi urteko epea jartzen du, baina niri ametsa iruditzen zait). Horretarako, material berria dago eta kontzientzia handiagoa, nahiz eta gabezia ugari dagoen oraindik: ez da azterketarik egin, edo egin badira ez dira publikatu eta ez dakigu geletan zer gertatzen den benetan, 16 urteetara iristean gazteak graduatzen diren edo ez, eta jakin beharra daukagu. Azkenean, senari jarraituz egiten dugu lan. Halaber, ama hizkuntzaren gaia guztiz alboratua dago. Hau da, etorkinaren ama hizkuntza ez denean ez euskara eta ez gaztelera, irakasleak ikaslearekin komunikatzeko arazoak dituenean, ez dago soluziorik oraindik.

V. Mendoza.
Hizkuntzaren arloan, ikasteko zailtasun gehiago sumatu dut Latinoamerikako komunitatean, Afrikakoen edo Ekialdekoen artean baino. Eurek hizkuntza berri bat ikasteko erraztasun eta sentsibilitate handiagoa dute, askotan eleanitzak direlako euren jatorriko herrietan bertan. Normaltasunez ikasten dute. Eta berriz azpimarratu nahiko nuke funtsezkoa iruditzen zaidala herrialde desberdinetako irakasleen hartu-emana, eskola bat antolatzeko modu desberdinak ikusteko, hezkuntza eredu diferenteak... Esperientziak elkar trukatzeko espazio gehiago sortu beharko lirateke eta hortik zerbait propioa sortu daiteke, desberdina delako kultur artekotasuna Euskal Herrian edo Madrilen.

M. Zapata. Batez ere kontuan izanda kultura minorizatu bat dagoen gizartean bizi garela. Madrilen gauza hauetaz mintzatzea oso desberdina da, ez dutelako arriskuan ikusten edo eztabaidan jartzen espainiar kultura, baina hemen kezka hori badago. Lehen aipatu duzun elkarbizitza kultur anitz horren baitan, elkarrenganako onarpena garrantzitsua da. Batetik bidezkoa baita hona etorri den pertsonari berea onartzea eta aintzat hartzea. Eta bestetik, etorritakoa onartua sentitzen den heinean errazago izanen baita bera ere geurera hurbiltzea. Elkartasun hori bereziki kontuan izan beharko genuke Euskal Herrian.

Aditzera eman duzuenez, teorian baino, azkenean praktikan konpontzen dira gai honi loturik datozen arazoak. Praktika horretan, zenbaterainoko pisua du irakasleak?



M. J. Imaz. Irakasleak pisu handia du, zalantzarik gabe, azkenean bere gelan daude ikasleak eta egunerokoan kudeatu behar ditu harremanak, curriculuma eta dena. Irakasle horren abiapuntuak, dituen aurreiritziak eta fenomeno horrekiko duen sentsibilitateak eragin zuzen-zuzena izango du. Hor du zuzendaritza taldeak egitekoa: dauden jarrerak eta sinesmenak antzematea lana bideratzeko, eta hasieratik egitea inportantea da.

J. Ibarra. Orokorrean irakaslea kontziente da orain bere gelan dagoena etorkizuneko gizartea dela, baina irakasleak ere mundu honetako pertsonak dira eta denetik dago: batzuek nahiko argi dute gizarteko etorkizunerako lanean ari direla, hainbatek ez du uste prestakuntza gehiago behar duenik eta beste batzuek borondatea jartzen dute baina azalean geratzen dira, folklore hutsean (kontalari errusiar bat eramatea, beste herrialdetako dantzak ikustea...) baina elkarbizitza kultur anitza benetan jorratu gabe. Eta beste hainbat irakasle agobiatuta daude, lehen baino material gehiago egon arren oraindik ez dagoelako curriculum kultur anitza jorratzeko adina material eta egunerokoan garatzen joan behar dira.

V. Mendoza. Iritsi nintzenean asko harritu ninduen Bigarren Hezkuntzako irakasle gazteak ikusteak, edota zuzendari hain gazteak; Mexikon Lehen Hezkuntzan hasten zara eta pixkanaka, prestakuntza zabaldu ahala, postuz igotzen zoaz. Gustatu zitzaidan gazteak ikustea, gizartea hila ez dagoela esan nahi badu, baina harritu ninduen. Baina gaiari helduz, nire ustez dena da garrantzitsua: irakasleak, gurasoak, Administrazioa, ikasleak; gizartea alegia. Denen arteko lana da eta urratsak ematen ari direla egia da, baina asko dago oraindik egiteko eta kontu askotan huts egiten ari gara, gauza asko gaizki egiten ditugu. Batez ere, gauza asko bananduta egiten jarraitzen dugu, elkarrekin egin beharrean. Proiektu kultur anitzak, esaterako, edo etorkinen elkarteren batek antolatzen ditu, edo Administrazioak bere aldetik eta gero elkartea gonbidatzen du ekitaldian parte har dezan. Eztabaidak, azterketak... elkarrekin egin behar ditugu, zerbait gurea sortzeko.

M. Zapata.
Nik programa estrategikoen gabezia ikusten dut, ekintza puntual eta folklorizatuetara mugatzen dira ekimenak. Ikas komunitatea existitzen da, Katalunian ere antzeko esperientziak daude, eta hor ez da irakasleen gauza soilik, gizartearen parte-hartzea hartzen da kontuan, baina kontua da gurasoak zein puntutaraino inplikatzeko prest dauden. Esperientzia hauek martxan daude, baina ez dut ikusten halakoenganako ilusio handiegirik dagoenik ez ikastetxeen ez gurasoen aldetik. Administrazioaren aldetik ere ez dut apustu garbirik ikusten.

J. Ibarra.
Administrazioaren aldetik esango nuke badagoela apustua, baina halako proposamenak aurrera ateratzea asko kostatzen da, lan asko eskatzen dielako irakasleei eta komunitateari oro har. Zaila da gurasoak erakartzea, batez ere haurrak helduxeagoak direnean (oraindik txikiak direnean badirudi gurasoak gehiago inplikatzeko prest daudela). Batzuetan Kataluniako Inguru Planak (komunitate bateko eragile sozial guztiak inplikatzen dituena) idealizatu egiten ditugu, baina horiek ere ez dute leku guztietan funtzionatzen. Katalunian etorkin kopuru handia dago eta hainbatetan hara begiratzen dugu.

V. Mendoza.
Gauza batzuetan katalanak aurretik doazela egia da, baina beste batzuetan hemen gehiago ari da mugitzen.

J. Ibarra. Adibidez, ama hizkuntzen inguruan esperientzia interesgarriak daude Katalunian eta lehen aipatu dudan moduan Euskal Herrian oraindik ez da horren gainean ezer jorratu. Irakasleei galdetzen badiezu zein den geletan dagoen arazorik handiena, hizkuntza esango dizute, eta ez elkarbizitza edo elkar trukea. Bigarren Hezkuntzako Gizarte Zientzietako testu batek bere konplexutasunak ditu hizkuntza aldetik eta egokitu egin beharko litzateke Euskal Herrian lauzpabost urte daramatzaten haurrek ulertzeko moduan, bertako batzuek ere ulertzeko zailtasunak dituzte-eta! Sentsazioa dago arazo linguistikoa dela nagusi eta Administrazioaren aldetik ez dut apustu garbiegirik ikusten alde horretatik; irakasleak jartzen dira, bai, baina zein curriculum erabili behar da euskara eta gaztelania jakin gabe 10 urterekin iritsi zirenekin? Irakasleak batzuetan galduta ikusten du bere burua, ez dagoelako horrelako erreferentzia garbirik, ez dago bigarren hizkuntzen curriculumik, ez dago tresna linguistiko nahikorik ere, ezta bigarren hizkuntzen irakaskuntzan espezialista den irakaslerik.

Hizkuntzaz ari gara, baina edukien aldetik programa nahiko maila folklorikoan geratzen dela ere aipatu duzue. Edukiak ez al daude ondo garatuak?



M. J. Imaz. Saiakera batzuk egon diren arren, nahiko folklorikoa dela iruditzen zait. Beste norabide bat eman beharko litzaieke eskolari eta ikastetxeak barrutik eta kanpotik antolatzeko erari, kultur truke hori sakon bizitzeko eta ez dadin azalean geratu.

J. Ibarra.
Izan ere, haur berri bat datorkionean askotan irakasleak uste du zerotik abiatu behar dela, baina ez da egia, haur horrek badu atzetik bere historia, bere mundu ikuspegia, bere kultura... eta gaur egun Internet bidez erraza da munduko edozein lekurekin harremanetan jartzea, proiektu bateratuak bideratzeko.

V. Mendoza. Hain juxtu, berriz ere diot arazoetako bat dela gauzak bananduta eta isolatuta egiten ditugula. Ikastetxeetan gurasoen arteko elkarretaratzeak egiten dira, baina ez da nahikoa egiten gurasoek denek batera eztabaidatu dezaten motibazio faltari, ikasketa teknikei eta abarrei buruz. Izan ere, ikasleez gain gurasoak hartu behar dira kontuan: askok ez dakite euskaraz edo gazteleraz, nola komunikatu eurekin? Ni bileratan egon naiz Ipar Euskal Herrian, baina ez dakidanez ez euskaraz eta ez frantsesez, ulertu gabe geratu naiz. Gurasoek komunikatu ahal izan behar dugu ikastetxearekin, haurren sentimenduen berri izateko, besteak beste. Guraso etorkinekin lan egitea ere garrantzitsua da: ama batzuek hemen lan egiten dute haurrei dirua bidaltzeko jatorriko herrialdera eta seme-alabak hona datozenean, hango bizi maila bera nahi dute, baina ez da posible. Amak errudun sentitzen dira haurrari hango bizimodua ezin diotelako eman, frustratuta daude, hasteko urruti izandako haurrarekin berriz elkartzea ez delako erraza (batzuetan ez dute kasik elkar ezagutzen) eta gatazka hori landu beharra dago. Administraziotik edo elkarteetatik ekartzen ditugun ekimen asko oso arrazionalak, intelektualak dira eta tailerrak izan behar du baita ere benetan sentitzen dutenari buruz: ikasle etorkinek, etorkinak dituzten irakasleek, bertako ikasleak dituzten irakasleek... Interpretazio arrazionalarekin ez da aski, emozioak lantzea garrantzitsua da elkarbizitza ulertzeko.
J. Ibarra. Abiapuntua jarrera da. Hizkuntza hori ikasi nahi izan behar da, interakzioan, parte hartu nahian ikasten delako hizkuntza bat, baina horrez gain bultzada bat behar du ikasleak. Horregatik, motibazio hori piztea oso garrantzitsua da. Hobe izango litzateke euskara ikasteko gogoz ateratzea eskolatik, gehiegi presionatzeagatik hizkuntzaz agobiatuta bukatzea baino.

M. J. Imaz. Zentzu horretan ikastetxean oso esperientzia ona izan dugu. Motibazioa, gustura egon daitezela asko zaindu dugu, modu ludiko batean ikastea, hasieran behintzat asko exijitu gabe. Horri esker, oso baikorra izan da esperientzia, emaitza onak lortu ditugu. Noski, DBH 3 edo 4. mailara iristen direnek ez dute euskara guztiz ikasiko, bi urtez baino ez baikara eurekin egongo, baina behintzat interesa pizten diegu, motibazioa.

J. Ibarra. Azken finean, kasu oso desberdinak daude. Adibidez, geroz eta gazte gehiago daude Marokotik bakarrik etorri direnak; 14 urterekin iritsi eta lana eskuratu nahi dute, baina Administrazioak eskolatu egiten ditu. Euskara, gaztelera eta curriculum osoa irakatsi behar diegu? Agian hoberena da lan mundura bideratutako ikasketak eskaintzea, baina gustura senti daitezela, etorkizunerako aukerak ikus ditzatela eta euskarazko mundu bat dagoela ezagutu dezatela, interesa piztuz; etorkizunean denbora izango dute euskarazko mundu horretan sakontzeko. Inguruak ere asko baldintzatzen ditu, ez da berdina Ondarroara edo Ermura iristea.

M. Zapata. Dena den Eusko Jaurlaritzaz gain Nafarroako Gobernua dugu eta baita Iparraldeko administrazioa ere. Nafarroako Gobernuak etorkinen integraziorako egindako planean euskararen aipamenik ez dago eta eskoletako harrera planetan euskararen erreferentzia bakarra hizkuntza-ereduen aipamena da. Kultur artekotasunaz mintzo da, baina Nafarroako berezko kultura aipatu gabe. Sakanan eta Bortzirietan, esaterako, ahalegina egiten dute aniztasun kultural horren baitan euskara sartzeko, baina iniziatiba ikastetxeena eta tokiko administrazioena da, ez Gobernuarena. Ipar Euskal Herrian, Estatuko politikaren arabera ezin da sortze datuen informazioa eskuratu eta ez daukagu datu estatistikorik diagnosia egiteko. Alabaina, uste den baino immigrazio gehiago dagoelakoan gaude, bereziki Frantziatik datorrena.

J. Ibarra. Baina Frantziako Estatuko Administrazioaren jarrera ez da eredugarriena. Eurak ere konturatu dira aldaketa beharrezkoa dutela, orain arteko sistemak ez dielako funtzionatu. Frantziako Estatua guztiz asimilazionista da eta nik uste gu ere bagarela, baina diskurtsoan behintzat ez eta han oso garbi izan dute orain arte asimilazioa dela bidea.

M. Zapata.
Aniztasunaren ukazio bat dago Frantzian. Hemen gehienen eztabaida da nola lortu elkarbizitza beste kulturak errespetatuz eta onartuz, nola kudeatu hori, baina ez ukazioaren bidez. Frantziak berdintasuna hartzen du oinarri: denak berdinak gara eta eskubide berak ditugu, eta zuk beste jatorri bat duzula esatea desberdina zarela esatea denez, ez zarela ni bezalakoa, zure jatorria, zure dibertsitatea ukatu egiten dut. Ukazio horri gehitzen badiogu gutxiengo soziokultural batzuek jasan duten gizarte bazterkeria, emaitza horixe da: elkarbizitza arazoak eta gatazka sozialak.

Frantziako Estatua eredu txarra da orduan. Zein herrialdetan jartzen duzue arreta gai hau jorratzeko orduan?


J. Ibarra. Ez dago eredurik, geroz eta konbentzituago nago horretaz, gai honen gainean dagoen jendearekin hitz egin ostean. Kanadara asko begiratzen dugu, hori egia da. Han Quebec, Toronto edo Vancouverreko egoerak ditugu adibide, munduko immigrazio kopuru handienetakoarekin. Esperientzia, datu eta azterketa pila bat dituzte eta hemen publikatu izan dira: txikitatik nola gai diren hizkuntza batetik besterako transferentzia egiteko, horrek nola ateak irekitzen dizkien errealitate berrietara... Pentsatzen dugu zazpi urteko haur batek bere ama hizkuntza garatua duela dagoeneko, baina ez da hala eta bere hizkuntza propioa lantzen jarraitu behar du, funtsezkoa da.

V. Mendoza. Neuronalki, 0tik 8 urtera gai gara bost hizkuntza ikasteko. Gurasoak beldurtu egiten gara pentsatuz seme-alaba erotu egingo dela hainbeste hizkuntza ikasiz, baina horretarako prestatuta gaude; adinarekin behera egiten du gaitasunak. Bestalde, hainbeste lekutako jendea eta esperientziak izatea aprobetxatu beharreko abantaila da, denetik ikas daitekeelako. Duela urte asko hezkuntza ereduen azterketarako nazioarteko bilera batean izan nintzen eta eredurik baloratuenak Kuba, Holanda eta Japonia izan ziren. Duela gutxi hemen egindako beste jardunaldi batzuetan ikusi genuen alorraren arabera batzuk besteak baino aurreratuagoak daudela: Alemania aurreratua dago prestakuntza profesional teknikoan, Amerika berriz gai humanistiko-sozialetan… Hots, hezkuntza eredu desberdinek ate desberdinak ireki ditzakete eta batzuetatik eta besteetatik jan dezakegu.


Frantziako Estatuan beloa bezalako ikur erlijiosoak eramatea debekatua dago ikastetxe publikoetan. Ohitura eta erlijio desberdinek sortutako arazorik izan al da hemen?



V. Mendoza. Beloaren kasuan nik beti esan dut emakumeak berak egindako hautua izan behar duela. Hemen bada arabiar emakumeen elkarte bat eta eurek diote ez diela beloa inork inposatzen eta ez dutela ulertzen zergatik harritzen den jendea, mojek ere badaramatelako. Beste emakume bat ezagutu nuen belorik ez zeramana eta iritsi zenean, mundu honekiko hain urrun ikusi zuen bere burua, erlijioan babestu eta beloa eramaten hasi zela. Halako jendea badago, bere ghetto propioa sortzen duena, bere kulturako jendearekin bakarrik erlazionatuz. Lan asko dago egiteko.

J. Ibarra. Batzuetan, gurasoek estuasunez bizi dute seme-alaben nerabezaroa, jaioterritik urrun egonda, ikusten dutelako agian beraientzat ohitura ia sakratuak izan direnetatik aldentzen ari direla haurrak eta orduan erlijioan babesten dira, han zirena baino modu sutsuagoan. Dena den, oro har ikastetxeetan ez da gatazkarik egon ohitura edo erlijio kontuengatik.

Eta ikasleek beraiek nola bizi dute hau guztia gela barruan? Etorkinak desberdin sentitzen al dira? Autoktonoek ezberdin ikusten al dituzte? Ez al dago arrazakeriarik?


J. Ibarra. Gela gizartea da, eskala txikian.

M. J. Imaz.
Adinen arabera. Txikitan esaten dute etxean entzuten dutena, baina egunerokoan guk behintzat ez ditugu bizi izan bertakoen artean gertatzen ez diren arazoak; arrazismoarekin edo xenofobiarekin lotutako arazoak, alegia.

V. Mendoza. Arrazismoa baino gehiago, klasismo arazoak daudela esango nuke, eta badaude kultura batzuk baztertu egiten direnak, mesfidantza sortzen dutenak, eta beste batzuk onartuagoak daudenak. Nik Espainiako beste erkidego batzuetan niganako mesfidantza gehiago sumatu dut, hemen goitik behera begiratzen zaituzte eta arriskutsua ez zarela ikusten dutenean, ateak irekitzen dizkizute.

J. Ibarra.
Haurren artean egoera naturaltasunez bizi dutela esango nuke. Nicu ez da Errumaniako ordezkaria, Nicu baizik, futbolean ondo jokatzen duena eta matematikan ona dena. “Mairuei” buruz orokorrean hitz egiten hasten badira, bada orduan gizartean eta etxean jasotzen dituzten aurreiritziekin hitz egin dezakete, “mairuak halako eta halako dira”, baina Ahmed ez, Ahmed eskolako laguna da, ezaugarri zehatzak dituen pertsona.

V. Mendoza. Talka handiena kanpotik datorrenak bizi du. Gutxietsita senti daiteke, konplexuekin, ez daki guztiz onartzen duten ala ez...
J. Ibarra. Bai, funtsezkoa da iritsi den ikasleak hau dena nola bizi duen ezagutzea. Bera aniztasun kulturalaren oso kontziente da, baina ez dakidana da besteak hain kontziente diren. Elkar ezagutza hori da bidea, elkarbizitza.

M. Zapata. Horregatik inportantea da kultur aniztasunean heztea ez bakarrik etorkinak dauden ikastetxeetan, baizik eta baita etorkinik ez dagoenetan ere. Izan ere, bestela ia etorkinik ez dagoen ikastetxeetan estereotipoen bidez mugituko dira bertako haurrak, kalean entzuten dutenaren arabera, ez dutelako ez Nicurik eta ez Ahmedik ezagutzen.

V. Mendoza. Hain zuzen, kultura desberdineko herritarren elkarbizitza hori gehiago sustatu beharko litzateke, nik askotan esan diodalako Udalari gazte guztiek batera lantzeko moduko gai asko dagoela (drogak, sexua, kirola, artea...), baina ez da ekitaldi bateraturik antolatzen, bananduta egiten dira gauzak. Donostiako Gurutze Gorrian futbol taldeak egiten dituzte, baina bakarrik perutarrenak, edo bakarrik ekuatoriarrenak, edo marokoarrenak... Horrela ez gara elkarbizitza bultzatzen ari.

M. Zapata. Horrela bada, horrek erakusten du Donostiako Gurutze Gorriak gai honi buruz duen ikuspegia eta berau nola lantzen duen.

V. Mendoza.
Arrazoi duzu, baina etorkinak normalean Gurutze Gorrira eta Caritasera jotzen dute lehenengo.

J. Ibarra. Elkarbizitzaren harira, iaz oso esperientzia polita egin zuten Zornotzako Aterpetxeko gazteek Berrizko Gaztetxean. Gazte horiek Berrizko gazteei euren esperientziak kontatu zizkieten. Baten bat pateran nola etorri zen kontatzera ausartu zen eta bere jaioterrian utzi zuen guztia transmititzea oso aberasgarria izan zen. Baina oro har elkarbizitza sustatzeko ahalegin gutxi egiten da.

M. J. Imaz. Gainera hezkuntza arloa gainditzen duten ekintza hauek guztiak antolatzea gehiago kostatzen da, eta beste leku eta orduetan prestatu behar dira. Guk Usurbilgo Udalean planteatu izan dugu etorkinen familiekin batera ekintzak antolatzea, baina nola bideratu oso ongi ez dakigunez, aurrerago egiteko geratzen da beti.

M. Zapata. Oinarrian eta denean egon behar duen gaia da, ezin da ikasturte baterako unitate didaktikoa egin eta kito. Horrekin ez da gaia betetzen, ikuspegi integralagoa, zeharkakoa behar da.

J. Ibarra. Batez ere XXI. mendea kultur anitza eta hizkuntza anitza izango delako. Gutxiago edo gehiago gustatu, mundua gertu dago, Hong Kongen gertatzen dena zuzenean ikus dezakegu eta etorkizunak egokitzea eskatuko digu. Curriculuma gai honetan ez da konpletoa eta gauzak daude egiteko.
Mahaikideak
Joseba Ibarra, Durangoko Berritzeguneko aholkularia
Basauriko (Bizkaia) San Migelen jaio zen 1959an eta bertan bizi da. Euskal Filologian lizentziatua da eta 1983tik Bigarren Hezkuntzako irakaslea. 2001etik Durangoko Berritzeguneko aholkularia da Gizarte eta Hizkuntzen eremuan. Berritzegunean, besteak beste, Kultura-arteko Hezkuntzaren arduraduna da eta zenbait artikulu ere idatzi du gai horren inguruan.
 
Maria Jesus Imaz, Usurbilgo Udarregi ikastolako zuzendaria
Donostian jaio zen, 1958an. Lehen Hezkuntzako irakasle diplomatura lortu zuen Donostiako Irakasle Eskolan eta Usurbilgo Udarregi Ikastolako irakasle hasi zen 1978an. 2005etik ikastola horretako zuzendaria da. Ikastolen Elkarteko Etorkinen Eskolatzea mintegiaren koordinatzailea izan zen 2002tik 2005era eta etorkinen integrazioari buruzko hitzaldi eta artikulu ugaritan parte hartu du.
 
Victoria Mendoza, Irakaslea eta psikoterapeuta
Ttapehualan, Mexikon, jaio zen (1960) eta Irunen (Gipuzkoa) bizi da. Irakasletza ikasi zuen eta Psikologia Sozialean doktore da –psikoterapia humanista eta Gestalt teknika eta diziplinetan espezialista da–. Besteak beste, irakasle, aholkulari eta psikoterapeuta lanetan aritu da, Garaipen emakume etorkinen elkarteko sortzaile eta lehendakari izan da eta duela gutxi legez kanpo utzi arte ANVko zinegotzi zen Irungo Udalean. Terapia Asesina liburua eta artikulu asko idatzi ditu.
 
Mario Zapata, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko langilea
Iruñean jaio zen, 1966an. Soziologian lizentziatua, Hizkuntza Plangintza eta Migrazio gaietan espezializazio ikasketak egin ditu. Egun Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluan egiten du lan eta aipatutako bi arloak uztartuz hainbat ekarpen egin ditu. Hala nola, immigrazioa eta euskararen arteko harremana aztergai harturik, Etorkinak eta hizkuntza-ereduak liburua argitaratu du.
Urretxu-Zumarraga Ikastolaren esperientzia etorkinekin (Elisabeth Altolagirre)
* Elisabeth Altolagirre Urretxu-Zumarraga Ikastolako Heziketa Bereziko eta Hizkuntza Indartzeko Programa Irakaslea da.
 
Gaur egun hezkuntzak duen erronka nagusienetakoa da etorkinen eskolatzea. Gizartean ematen ari den immigrazio fenomenoa eskoletan islatzen da eta urtez urte goraka doa. Gainera ikasle berriak ikasturtearen edozein mementotan datozkigu eta irakasleriak etengabeko egokitzapenean murgildu beharra dauka. Desoreka handia sorrarazten du, baina hezkuntzako profesionalek esfortzu ikaragarria egiten dugu ikasle hauen benetako integrazioa eman dadin, hizkuntzak jaso ditzaten, curriculumean aurrera egin dezaten eta, garrantzitsuena, ongi senti daitezen eta ondo tratatuak izan daitezen.
 
Gurean duela bederatzi urte hasi zen ibilbidea. Urte hartan hiru anai-arreba marokoar eskolatu ziren. Egoera erabat ezezaguna, arrotza zen, ez baitzuten ez gaztelania ezta euskara ezagutzen, beraz, ikasle hauei nola erantzun kezkagarria zen.
 
Ikastolak arabiera eta euskara zekizkien irakasle bat kontratatu zuen eta ikasle hauei hiru hilabete luzez eta modu etengabean euskara irakasteaz gain, programaketa jarraitzen eta egoerari aurre egiten lagundu zien. Neba-arreba hauek -Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dago gazteena, Batxilergoan erdikoa eta Batxilergoa amaituta zaharrena- eskolatze normalizatua eraman dute eta integrazioa ere erabatekoa izan da. Beraz, gaur egun, ikasle hauek eredu bihurtu ditugu.
 
Geroztik ikasle berri gehiago joan da eskolatzen, kubatarrak, argentinarrak, sahararrak, espainolak, marokoarrak, Dominikar Errepublikakoak, brasildarrak, nikaraguarrak, errumaniarrak, portugaldarrak... Baina benetako gorakada azken hiruzpalau ikasturteetan eman da. Egoera masibo honek ikastetxe mailako plangintza egitera bultzatu gintuen, non denok inplikatuta egon behar genuen. Horretarako klaustro osoak Amelia Barquín Mondragon Unibertsitateko irakaslearekin kultur artekotasunaren inguruko prestakuntza jaso genuen, eta bertan besteak beste sentsibilizazioa, identitatea, integrazioa eta enpatia landu genituen. Irakasleen balorazioa positiboa izan zen, hausnarketarako beta eta aukera eman baitzizkigun.
 
Ondoren Harrera Plana sortu genuen. Proiektua hiru fase nagusitan bereizten da (orientabideak www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net helbidean aurki daitezke, Hezkuntza berriztatzea, etorkinak atalean):
 
1.- Familien Harrera
2.- Ikasle berriaren egoeraren azterketa
3.- Gela arruntean kokapena eta integratzea
 
1.- Familien harrera
Familiarekin zuzendaritzak eta orientatzaileak egiten dute lehenengo hurbilketa. Hasierako hartu-emanak oso garrantzitsuak dira, gurasoak eta ikasleak egoera zail baten aurrean aurkitzen direlako, beldurrak dituzte, hezkuntza sistema ezberdinetatik datoz, beste hizkuntza bat (edo gehiago) egiten dute, seme-alabengan itxaropen batzuk dituzte eta eurentzat garrantzitsuena seme-alaben ongizatea da. Gure lehenbiziko helburua hau bermatzea izango da.
 
Zuzendaritzak eskolako funtzionamenduaren (zerbitzuak, egutegia, ordutegia), hezkuntza sistemaren oinarrien eta eraikuntzaren berri ematen dien bitartean (euskal hezkuntza sistemari buruzko gida dago hizkuntza desberdinetan), orientatzaileak aurretik aipatutako bizi egoera, beldurrak eta itxaropenak landuko ditu. Administrazioak, bestalde, zenbait diru-laguntza lortzeko informazioa helaraziko die.
 
2.- Ikasle berriaren egoeraren azterketa
Bigarren fase honetan ikasle berriaren egoera pertsonala, emozionala eta akademikoa aztertuko dira. Esparru honetan orientatzaileak oinarrizko kontzeptuak baloratzeko (hizkuntza eta matematika) proba batzuk pasako dizkio.
 
Bestalde, egunez egun umea behatzen eta baloratzen joango da, non txertatuko den erabaki arte. Bitartean, bai orientatzailea eta baita HIPI-a (Hizkuntza Indartzeko Programa Irakaslea) ere elkarlanean arituko dira ikasle berria ondo sentitu dadin eta beldurrak pixkana uxa ditzan, identifikazioa eta segurtasuna lortzeko.
 
Gela arruntean kokatzeko adin kronologikoa errespetatzen saiatzen gara, baina ikaslearen egoeraren baitan hartzen da erabakia.
 
3. Gela arruntean integrazioa
Behin zein mailatan integratuko den adostu eta gero, maila horretako irakasleekin bildu behar da zein gelatan txertatuko den erabakitzeko. Ondoren, gelako tutorearekin harrera prestatzen da. Pauso honi garrantzi handia ematen diogu, benetako integrazioa talde bateko partaide sentitzean lortzen baita.
 
Elkarlan honetan oinarrizkotzat jotzen ditugu giza harremanak (baloreak: errespetua, enpatia, ondo tratatzea). Hauek oso garrantzitsuak dira haurren eskolatze-egokitzapenean; ikasketetan motibatzeko, kognizioa bezain garrantzitsua baita afektua.
Baina integrazioa ez da lehenbiziko uneetan bakarrik landu behar, egunero-egunero pertsona berriarekin elkarbizitzen eta elkar errespetatzen jakin behar dugu. Hasieran ikasle berriarenganako jakin-minak, nobedadea pizten du besteengan, baina jarrera honek behin-betikoa izan behar du eta ez behin-behinekoa. Horregatik da garrantzitsua integrazioa egunerokotasunean gauzatzea.
 
Jarraian ikasketa plana finkatzen joango gara (curriculum edukiak eta hizkuntza). Plana egunez egun joango gara moldatzen, egokitzen, ikaslearen behar eta erantzunen arabera, hau da, beharrak eta gaitasunak identifikatuz, aurrera egiten al duen baloratuz eta gabeziak antzemanez.
 
Lan honetan tutore eta HIPI-aren arteko elkarlana ezinbestekoa, funtsezkoa da.
Hizkuntzaren ikaskuntza kezkatzen gaituen faktore nagusiena da. Kasu batzuetan ikasle berriek ez dute ez euskara eta ez gaztelaniaren ezagutzarik eta horrek komunikazioa erabat mugatzen du. Egoera honek irakasleengan ezinegon handia sorrarazten du, hizkuntza ezinbesteko tresna delako pertsonen arteko harremanetarako, gizartean integratzeko eta ikaskuntzarako.
Ondorioz, irakasleak amildu egiten gara. Ikasleak euskara lehenbailehen jaso dezan nahi izaten dugu ikasketak ere hizkuntza honetan ahal den azkarren burutzeko. Baina hizkuntzalari eta zientzialari askok, Jim Cummins-ek esaterako, frogatu dute “lagunarteko hizkuntza lortzeko 3 eta 5 urte artean behar izaten direla, eta hizkuntza formala edo akademikoa 7 urteren buruan lortzen dela”. Hortaz, ikasleari denbora eman behar zaio bere garapenean.
 
Konklusioa
Etorkinen eskolatzea oso aberatsa izaten ari da irakaskuntzan inplikatuak gauden eragile guztientzat.
 
Gainontzeko ikaskideak eta irakasleak beste kultura batzuk ezagutzeko aukera izaten ari gara eta horrekin batera kultura ezberdinengana genituen hainbat topiko edo estereotipo gainditzen.
 
Bestalde, aniztasunean elkarbizitzeak sentsibilizazioa, besteen lekuan jartzea eta laguntasuna bezalako baloreak bermatzen ditu.
Gaur egun onartuta daukagun fenomenoa da ikasle berrien eskolatzea, eta ikaslea ikastetxera etorri bezain laster martxan jartzen da harrera plana. Uneko erronka nagusia etorkina bere gelan integratzeko plana edo protokoloa sakontzea litzateke, mikro gizarte honetako taldekide senti dadin.
Kultur artekotasunaren bidetik (Begoña Zestau)
* Begoña Zestau (Immigrazio Saila, Sakanako Mankomunitatea)
 
Azken urteotan immigrazioak gora egin duela esatea ez da berri handiegia. Baina bai agian horren aurrean gizarte-abegiak egin dezakegunaren inguruan hausnartzea. Asko dira fenomeno hau dela-eta entzuten diren/ditugun hitz “potoloak”: asimilazioa, kultur aniztasuna, integrazioa, akulturazioa, kultur artekotasuna… Baina zer dago horien guztien atzean? Beste modu batera esanda: zeren adierazle dira batzuk eta besteak?
 
Giza Eskubideen Nazioarteko Aitorpenak dioenaren arabera, “pertsona orok daukagu libreki mugitzeko eskubidea”, eta horixe da hain zuzen pertsona etorkinek praktikan jartzen duten eskubidea, gizarte-abegian aurkitzen duten egoera askotan ikaragarri bortitza bada ere, espero zutenetik urrun, oso urrun, baina hori beste kontu bat da.
 
Zentzu horretan, gizarte-abegiok zeregin handia daukagu gurera bizitzera –epe laburrerako, luzerako edota betirako– munduko hainbat lekutatik datozen pertsona berrien bizi kalitateari begira, eta baita denon artean eta bizikide berriekin batera osatu nahi dugun gizarte berriaren eraikuntzan ere. Hain zuzen, horren arabera lortuko dugu pertsona etorkinak gurean integratzea, edo asimilazioan, kultur aniztasunean, akulturazioan edota kultur artekotasunean geureratzea.
 
Horrek adieraziko du nolako gizartea nahi dugun: integratzailea edo asimilatzailea; akulturazioa bultzatzen duena, edo kultur aniztasunerantz doana; edo kultur artekotasunean sinesten duena… Gizarte berriaren eredua denon artean eraikiko dugu. DENON ARTEAN –bai pertsona etorkinek nola gizarte-abegiak, bertakoak diren pertsonez osaturiko gizarte-abegiak, azken finean–.
 
Sakanako bailara ez dago immigrazioaren fenomenotik at, ezta gutxiago ere. Gurean dagoen pertsona etorkinen kopurua oso altua ez bada ere, gizarte-abegiak, bertako erakunde publikoetatik hasita, kultur artekotasunaren aldeko apustu itzela egin du, hori baita gaur egun pertsona etorkinei gurean integratzeko bidea erraztuko dien aukera egokiena.
 
Ez da lehendabiziko aldia pertsona etorkinen integrazioa soilik hezkuntza sistema edo erakundeen esku uzten dena, baina Sakanan etorkinentzako harrera plana aurrera daramagun lau erakundeen ustetan –oinarrizko hiru gizarte zerbitzuen mankomunitateak eta zerbitzu orokorren mankomunitatea bera–, denon egitekoa da etorkinei bertan integratu daitezen bideak erraztea.
 
Zentzu horretan, guk bideratzen ditugun jarduera guztiak bai bertako pertsonei nola pertsona etorkinei bideratuak daude, hori baita kultur artekotasunera eramanen gaituen bidetik lehenengo pausoak ematen hastea, non elkarren arteko ezberdintasunak onartuko ditugun (pentsaeran, janzkeran, erlijioan, ospakizunetan, sukaldatzeko garaian, hizkuntzan, familiaren egituraketan, eskolaratze moduan, osasuna zaintzeko moduan…) eta ezberdintasun horiek elkarren arteko ikasketa iturri bihurtuko ditugun; baina non aldi berean komunean ditugun ikurrak indartuko ditugun –emakumezkoak, gizonezkoak, bizi duin baten bila gabiltzan pertsonak, eskubide berdinekoak, askotan antzeko arazo edota kezkak ditugunak: seme-alaben zaintza, lana edota etxebizitza duin bat aurkitzea, beste pertsona batzuk ezagutzeko grina….edota elkarren arteko topaketa horietan ezagutuko dugun berdintasun oro–.
 
Aipatu dugu gizarte-abegi osoak duela zeregin garrantzitsua pertsona etorkinen integrazioa errazteko garaian. Baina zer da edo nor da gizarte osoa? Ba bertako estamentu oro: administrazio publikotik hasi (udala, osasun etxeak, ikastetxeak, gizarte zerbitzuak…) eta gainontzekoak barne: erakunde pribatuak, herri taldeak, parrokiak, aisiarako zentroak, sindikatuak, etorkinen elkarteak, banakakoak, eta abar.
 
Egia da gizarte-abegia osatzen dugun pertsona orok ez daukagula gurera bizitzera etorri diren pertsona etorkinekin harreman maila bera, noski, baina osotasun hori kontuan hartuta eta gure lanaren abiapuntu izanik, gurean antolatzen diren ekintzak gizarte osoari daude zuzenduak: irakasleak, erizainak, sendagileak, gizarte zerbitzuetako profesional oro, udaletxeetako langileria, sindikatuetakoak, aisiako begiraleak, politikoak, enpresa mundukoak… Ezinbestekoa suertatzen baita pertsona etorkinekin ari garenok zentzu berean edo bertsuan aritzea, profesional ezberdinen arteko elkarlana bultzatu behar dugu, ahalik eta zerbitzu egokienak eta osoenak eskaintzearren, gurerako egokitzapena erraztearren, eta benetako kultur artekotasuna biziko duen gizarte berria eraikitzearren; hori baita gaur egun Sakanan daukagun asmoa eta nahia.
 
Ez da asko Sakanan etorkinentzako harrera plana garatzen hasi ginela. Etorkinentzako harrera plana bada ere, horrek ez du esan nahi bertatik eskaintzen diren jarduerak etorkinei soilik eskaintzen zaizkienik; alderantziz, bai gizarte-abegiari nola pertsona etorkinei berdin eskaintzen zaizkie. Bertan jorratzen diren egitasmoek pertsonaren arlo guztiak ukitzen dituzte batera edo bestera: lana, osasuna, gizarte zerbitzuak, prestakuntza, aisia, parte-hartzea, emakumea, kulturen arteko topaketak…
 
Plana osotasun batean oinarritzen da, eta egia esan behar bada, elkarren arteko topaketa horiek –etorrera-gizarteen eta gizarte-abegien arteko topaketak– hautsi dituzte ordura arte elkarren arteko ezjakintasuna zela-eta zeuden beldurrak, aurreiritziak eta estereotipoak, elkarbizitza baikorragorako bideak irekiz.
 
Askotan ez da halako jarduera ikusgarririk antolatu behar. Nahikoa da hasteko etorkinek zer egin nahi luketen galdetzea, beraien iritzia eta nahiak kontuan hartzea, eta beraiekin batera jardueraren bat antolatzea. Horrek, gizarte-abegiaren eta etorkinen arteko harremana ikaragarri leuntzen du eta beste topaketa baterako aukerak irekitzen ditu, pixkanaka-pixkanaka kultur artekotasunean murgilduz.
 
Familiarekin batera ikastetxeek gure etorkizuna diren neska-mutilen hezkuntzan ikaragarrizko pisua badute ere, gizarteak berak ere badu zeresanik. Zentzu horretan, ezinbesteko bihurtzen da gizartearen parte garen giza eragile oro elkarren arteko hartu-emanean aritzea, elkarlanean jokatzea.
 
Immigrazio gaietan eskaintzen ditugun prestakuntza ikastaroak adibidez, ez dira gizartearen alderdi bakar batera eskaintzen, baizik eta bertan profesional gisa ari diren guztiei eta gaiarekiko interesa duen edonori.
 
Gurera bizitzera etorri diren sakandar berriei gurean integra daitezen bideak erraztea da helburua. Baina integrazioaz ari bagara, ezin ahaztu dezakegu prozesu honen bi norabideko zentzua. Hau da, ez litzateke oso egoki izanen pertsona etorkinak gurean integratu nahi izate hutsa; integrazioaz ari bagara, gizarte-abegiak ere, Sakanak kasu honetan, egokitu, integratu egin behar du pertsona berri horien izatea, bizimodua eta kultura bere egunerokoan.
 
Hau da, ezin uka dezakegu elkarren artean daukagun eragina: etorkinak gurean eta guk etorkinengan. Gakoa, urruntzen edo ezberdin egiten gaituenean indarra jarri beharrean, komunean, berdin egiten gaituen horretan jartzea da. Gurera bizitzera etorri den auzo berri horri gure ateak irekitzea da giltza, gero berak irekiko baitizkigu bereak.
 
Badakigu ez dela erraza, eta ez gaudela horretan jantziak, baina ikasteko aukera ezin hobea daukagu, eta immigrazioaren fenomenoa gero eta gehiagora doanez, elkarbizitza osasuntsua eskainiko duen gizarte berri bat sortzeko aukera gure esku dago: pertsona etorkin eta bertakoen esku.
 
Hortaz, ibil gaitezen kultur artekotasunaren bidetik, elkarri eskuak luzatuz, gure gizartearen ate ugariak irekiz, elkarrekiko ikaskuntzarako prest azalduz, aurreiritzi eta estereotipoak apurtuz, beraienganako jakin-mina adieraziz eta lehenengo begiratu batean ezberdina iruditzen zaigun auzo berri hori eskubide bereko pertsonatzat hartuz.
Aldaketa handi baten bizipena (Maria Julia)
* Maria Julia 21 urteko ikaslea da
 
14 urte nituela etorri nintzen Argentinatik. Bederatzigarren maila bukatua nuen; han Escuela General Básica (Oinarrizko Hezkuntza Orokorra) esaten zitzaion, eta hiru ziklo zituen. Handik modulu anitzeko eskolara igarotzeko aukera genuen, eta hiru edo lau urteko ikasketak ziren, aukeratzen zen moduluaren arabera. Eta gero, handik zuzenean unibertsitatera pasatzeko aukera zegoen.
 
Zumaiara iritsi nintzenean, eskolan izan nuen esperientziari dagokionez, ikusi nuen lehenengo aldea irakats zikloa izan zen: hemen urtarrilean hasi nituen ikasketak, han bukatu nituenean. Bederatzigarren maila abenduan bukatu nuen, eta urtarrilaren 8an berriro eskolan nintzen. Hiru hilabete geratzen zitzaizkidan 15 urte betetzeko, eta DBHko hirugarren mailan jarri ninduten.
 
Arreta eman zidan lehenengo gauza liburuak mahai azpian utz nitzakeela izan zen, bai eta ikasturte osoan neure mahaia izan nezakeela; inork nire gauzak kentzen edo lapurtzen ez zizkidala; eskola txanda bakarra zegoela, baita gela geuretzat bakarrik zela ere.
 
Hori alde handia izan zen. Argentinan eraikin berean hiru eskola izan daitezke lanean, hainbat txandatan: goizez, arratsaldez eta gauez. Adibidez, ni goizez joaten nintzen, eta eskola hartan bosgarren eta bederatzigarren maila arteko ikasleak izaten ziren; arratsaldez lehenengo maila eta laugarren maila arteko txikitxoak; eta gauez, helduentzako eskola. Beste eraikin batzuetan bigarren mailako hezkuntza edo modulu anitzekoa ematen zuten goizez; lehen hezkuntza arratsaldez; eta eskola teknikoko ikasketak, gauez. Han eskola ordu askoz gutxiago genituen: 08:00etatik 12:00etara izaten zen gure ordutegia; edo, gehienez ere, 07:30etik 13:00etara, helduenek. Arratsaldetan, eskolak 13:00etan edo 13:30ean hasten ziren, eta 17:00etan edo 17:30ean bukatzen. Atsedenaldia hemen ordu erdikoa da; han, bost minutuko bi atsedenaldi genituen, eta hamabost minutuko bat, goiz erdian. Eta liburuak maileguan hartzeko sistema genuenez, ez genuen liburu asko erosi beharrik.
 
Eskolatze prozesuan, bi gauza konta ditzaket. Alde batetik, neska-mutilen, irakasleen eta eskolako bizitzaren inguruko gauzak; eta, bestetik, euskararen gaia. Izan ere, niri –Zumaiara datozen neska-mutil guztiei bezala– Herri Eskolara joatea egokitu zitzaidan. D ereduko eskola txikia da, eta zentzuzkoa zen hara joatea, izan ere, kontua lagunak egitea zen, eta ez nintzen beste herri batera joango A edo B eredua egitera Zumaian bizi behar banuen, eta hemen lagunak egin eta bizi, beste edonork bezala.
 
Eskolan, atsedenaldian ikusten zen elkartzen zirela alde batetik gaztelaniaz hitz egiten zuten neska-mutilak, eta euskaraz egiten zutenak beste aldetik. Baziren salbuespenak, baina hori markatuta zegoen. Ikaskideek gaztelania eta matematika ikasgaietan prestakuntza ona zutela ikusi nuen, baina maila baxuagoa zuten biologian eta geografian. Eta, izaerari dagokionez, adin bera izanik, latinoamerikarrak baino haurragoak zirela iruditu zitzaidan; Argentinako nire adiskideekin alderatuz, behintzat.
 
Deigarria iruditu zitzaidan beste gauza bat ikasleen eta irakasleen arteko harremana izan zen. Hemengo neska-mutilek irakaslearengana zuzentzeko modua han baino informalagoa da, bai eta irakasleek ikasleengana zuzentzeko duten era ere. Gainera, ikasle taldeak bereizten zituzten: batetik ikasi nahi zutenak, eta bestetik ikasi nahi ez zutenak, neska edo mutil bati “ez duzu ikasteko balio” esango baliote bezala.
 
Niretzat guztiz berria izan zen beste gauza bat: eskolak buru-atzerapenak zituztenekin partekatzea. Haiek bestelako ariketak egiten zituzten gelan, baina beren adineko neska-mutilen artean integratuta zeuden eta dena naturaltasunez gauzatzen zen. Hori Argentinan pentsaezina da: buru-atzerapena edo bestelako ezgaitasunak dituzten gazteak beste eskola batzuetara joaten dira; ez dira eskola arruntetan izaten, eta ez dute bestelako haurrekin batera ezer egiten.
 
Euskara gai zaila izan zen. Esan dudan bezala, herri eskolan egin nituen ikasketak, eta egin nituen DBHko bi ikasturteak gogorrak izan ziren, gaztelania, matematika edo bestelako ikasgaietatik atera eta banakako eskolak (edo talde txikietan) ematen baitzizkidaten, euskara ikasteko. Astean 12 orduko euskara eskolak izatera iritsi nintzen; gogoan dut, astelehenetan horixe zela nuen bakarra; irakaslez aldatu baino ez nuen egiten. Eta eskolak D eredukoak ziren eta nik ikaskideek zuten liburu bera baina gaztelaniazkoa nuen. Horrela ikasi nuen euskara ulertzen, belarria eginez.
 
Irakasle batek euskara ikasteko mailakako programa hasi zuen nirekin. Programa hari esker oinarri sendoa lortu nuen. Baina DBHtik batxilergora igaro nintzenean ez zuten programa harekin jarraitu nahi izan, eta salbuespena eskatu behar izan nuen. 16 urte nituela neure kabuz bilatu behar izan nuen euskara ikasten jarraitzeko modua, eta herri eskolan izan nintzen urte eta erdian, aurretik egindako lorpenak ez galtzeko. Orain unibertsitateko ikasketak gauzatzen ari naiz eta euskaltegira joaten jarraitzen dut.
 
* Gazteleratik itzulitako testua
Mexikar hezkuntza vs. euskal hezkuntza (Xinemi García)
* Xinemi García, 19 urteko ikaslea da.
 
Xinemi García dut izena eta mexikarra naiz. Duela urtebete Euskadira prestaketa batera joateko aukera izan nuen. Esperientzia hark aukera eman zidan jabetzeko alde handiak daudela eskolak emateko moduan Mexiko eta Euskadiren artean.
 
Gehien harritu ninduen alderdietako bat, beharbada, eskolak emateko modu tradizionala izan zen. Hau da, katedradunak eskola ematen du edo liburuan jartzen duena azaltzen du, eta ikasleek berriz, ilaratan eserita, irakasleak esandako guztiaren oharrak hartzen dituzte, galderarik egin gabe.
 
Mexikon eskolak didaktikoagoak dira. Zenbait eskolatan, nik batxilergoa ikasi nuenean esaterako, eskolak ez ditu ematen katedradunak soilik; hau da, ikasleak parte hartzeko aukera du, azalpenaren aurretik (gaia aztertu dezake), bitartean (bere ikerketaren emaitzak azaldu eta galderak egin ditzake) eta eskola ondoren (errefortzu ariketekin).
 
Eskola horietan erabiltzen diren dinamikei esker, ikasleari ikasgaien inguruko jakin-mina pizten zaio, eta bere kontura ikasten hasten da. Eskolak ez dira bakarrizketak: irakaslea aktorea da, eta ikasleak, ikusleak. Eztabaidek eta ideiak elkar trukatzeak taldea integratzen eta ikasketa prozesua erabatekoa izaten laguntzen dute. Nahiz eta Espainiako hezkuntza maila Mexikokoa baino altuagoa izan, nire ustez gazteei sormena falta zaie, erabakitakotik harago bizitzea; sormena, arazo errealei aurre egin eta irtenbidea emateko.
 
Mexikoko hezkuntzari, ostera, diziplina, jarraikortasuna falta zaio. Eta hori gure hezkuntza sisteman eta eguneroko bizitzan erabili beharko genukeela uste dut. Mexikon, eskolak bi modutan sailka ditzakegu: pribatuak eta publikoak. Eskola horietako bakoitzean eskaintzen duten hezkuntza oso desberdina da. Eskola pribatuetan edo ordaindutakoetan, “lehen mailako” hezkuntza eskaintzen dute; hau da, “konstruktibismoa” erabiltzen dute. Eskola publikoetan (gobernuarenak) berriz, irakasteko metodoa tradizionalagoa izaten da, nahiz eta azkenaldian eredu didaktikoagoa ezartzen hasi diren lehen eta bigarren hezkuntzan eta batxilergoan. 
Gainerakoan, oro har, haur hezkuntzak hainbat alor lantzen ditu; izan ere, umearen abileziak ahalik eta gehien garatzea bilatzen da.
 
Mexikoko eskoletako sailkapen hori Euskadiko eskolekin konparatuz gero, bietan antzeko zerbait gertatzen da: ikastetxe pribatuek instalazio hobeak dituzte, ikasgai zorrotzagoak, eta horren adibide dira ingeles eskolak. Ni egon nintzen eskolan ingeles maila oso baxua zen, eta ez zaio behar adina garrantzi ematen. Baina eskola pribatuetan ikasitako jendea ere ezagutu nuen, eta haien ingeles maila Cambridge Unibertsitateko Proficiency zen.
 
Bi hezkuntza sistemek (mexikarrak eta euskaldunak) dituzte abantailak eta desabantailak, eta benetan uste dut sistema eredugarria lortuko litzatekeela biak batuko bagenitu: diziplina eta jarraikortasuna dinamikarekin eta sormenarekin batuz gero, hezkuntzaren maila integrala izango litzateke.
 
Onartu behar da hezkuntza eredu perfekturik ez dagoela, are gutxiago gureak. Guztiok behar ditugu iritzi berriak, aldaketek aberastu egiten dute eta hazten laguntzen digute. Nire aburuz, hezkuntza alorrean hobetzeko, baita beste alor askotan ere, mexikarrek zein euskaldunek elkarren beharra dugu.
 
* Gazteleratik itzulitako testua
Hasierako beldurrak (Lismey)
* Lismey 12 urteko ikaslea da.
 
2006ko azaroaren 12an iritsi nintzen Zumaiara; bi urte beteko dira etorri nintzenetik. Kuban, eskola eskolaurrean hasten da, bost urterekin; gero, lehen hezkuntza dago, lehenengo mailatik seigarrenera; ondoren bigarren hezkuntza, zazpigarren mailatik bederatzigarrenera, eta beste ikastetxe batean egiten da, hemengo DBHko 1., 2. eta 3. mailen antzera. Han, hemen bezala, iraila eta ekaina bitartean joaten nintzen eskolara, baina ordu gehiagoz: 08:00etatik 12:30era eta 14:30etik 16:20ra.
 
Hona etorri nintzenean, han seigarren maila egiten ari nintzen, eta azterketa txiki bat egin zidaten, azterketa erraza, zein maila nuen jakiteko, eta ea hemengo neska-mutilek zekizkiten gauzak nekizkien ala ez ikusteko. Emaitza ona lortu nuenez, eta ikasturtea hasiberria zenez, seigarren mailan utzi ninduten. Beraz, hona iritsi eta han nengoen maila berean jarraitu nuen.
 
Adiskideak arraro ikusten nituen, ez dakit hangoekin konfiantza handiagoa nuelako-edo izango ote zen. Hasieran dena bestelakoa zen. Irakasleak zorrotzagoak dira hemen, harremanean eta gainontzekoan. Han ikasleok ere ez dugu adiskidetasunezko harremanik irakasleekin, baina halere bestelakoa da, ez dakit hitzen bidez nola azaldu.
 
Hemengo ikastetxeetan gogoko dudan gauza bat musika eskolak dira, dantza egin eta txirula jotzen dugulako. Kuban, musikako eskoletan abestu baino ez genuen egiten, eta gauza guztiak zaharrak ziren, ez genuen ezer modernorik egiten.
 
Eskolara iritsi nintzenean, hasieran nire gelan ez nuen inor ezagutzen. Gainera, ikasleetako batek ez ninduen gustuko, eta nitaz gaizki esaka aritzen ziren egun osoan. Batzuk hurbiltzen zitzaizkidan, baina nik euskararik ulertzen ez nuenez, jakina, nitaz gaizki esaka aritzen ziren euskaraz. Entzuten nuen bakarra “berria, berria, berria” zen, eta aita hemengoa dudanez berari galdetu nion ea zer esan nahi zuen, eta “iritsi berria” esan nahi zuela esan zidan. Horregatik nekien nitaz ari zirela hizketan.
 
Bi hilabete itsusi igaro nituen. Gero adiskideak egin nituen, eta orain ez dut arazorik. Nire gelako neska-mutilek ondo hartzen naute, ez dugu arazorik. Atsedenaldian baten batek esaten dit zerbait, baina neska-mutil gehiago dagoenez, ez diet kasurik ere egiten.
 
Etorri nintzenean banekien hemen beste hizkuntza bat hitz egiten zutela, baina nik ez nuen hizkuntza ezagutzen, eta ikasten hasi nintzenean ulertzeko oso zaila iruditu zitzaidan. Seigarren mailan nengoenean aparteko eskolak eman zizkidaten euskara ikasteko, eta gauza batzuk gaztelaniaz egin nitzakeen. Baina orain dena euskaraz egiten dut, dena ulertzen dut eta oso ondo nabil; ikasturtea erraz gainditu dut.
 
* Gazteleratik itzulitako testua
Kanal honetan artxibatua: Hezkuntza

Hezkuntza kanaletik interesatuko zaizu...
Euskarazko haur eskolak Irueko auzo guztietan

Bi urte hauetan argi gelditu da herritarrek euskarazko haur eskolak nahi dituztela auzo guztietan, eta eskaintza dagoenean bete egiten dela. Hizkuntz ereduari dagokionez, ez da erraza haur eskoletako matrikulazio datuak interpretatzea, eskaintzak guztiz baldintzatzen duelako eskaera. Hala ere, datu batzuk azpimarra daitezke.


Corellako ikastetxeari izen frankista aldatu diote

Jose Luis Arrese zuen izena, eta aurrerantzean Corellako Hiria deituko da. Ikastetxeko klaustroak eskatu zuen izen aldaketa, eta Nafarroako Gobernuak onartu egin du.


Harreman osasuntsuak helburu

Nabarmen egin dute gora bullying kasuen salaketek, neurriak hartzen ari dira ikastetxe gero eta gehiagotan, jazarpenari aurre egiteko planak dituzte administrazioek… Ikasturte honetan (ere) gai beroa izan da hau, eta hezkuntza komunitatea tinko ari da lanean, ikasleak kontzientziatu eta erasoen aurrean eragile aktibo izan daitezen.


Posturak

Etxean entzuna dut txikitatik: “Jokoa ez da errenta”. Amamak historia beldurgarriak kontatzen zizkigun posturen gainean; frontoian baserria jokatu zuen gizonarena, adibidez. Beti imajinatzen nuen gizona etxera itzultzen, emazte eta seme-alabei esaten bizilekua abandonatu behar zutela. Gurdi gainean ihesi, lau trepetxu eta piltzar batzuk jasota irudikatzen nituen nire buruan, film negar-eragile askotxo ikustearen ondorioz. Baina beti jartzen nintzen andre horren larruan, zein latza... [+]


Karrantza euskalduntzen egindako lanari aitortza

Karrantza Naturala elkartearen sarien aurtengo edizioak bertako Kontxako eskolan D ereduari sarrera egin zioten andereñoak –Tere Ahedo margolariarekin batera–  omendu zituen. Urtarrilean egin zen ekitaldia, eta egun hartako afixak hiru andereñoren izenak zekartzan: Delia Negrete, Maibe San Nicolas eta Rosa Maria Garde, nahiz horien ondoan “eta beste andereño batzuk” eransten zuen, guztiek batera, edo bateratsu, egindako ahalegina indartu guran.


Ez, mutilok, pixa eserita egitea ez da hain traumatikoa

Iñakiri galdetu diot zergatik ez duen etxean pixa eserita egiten, zutik eginda batzuetan ingurua zipriztinduta uzten omen duela-eta. Ez dizkit aipatu ohitura edo erosotasuna, ondorengoa baizik: “Etxean, pixa eserita egiten arrebak ikusi ditut beti eta arraroa egingo litzaidake, oso femeninoa”.


Bestelako jolas-parkeen Euskal Herriko gida aurkeztu dute

Jolaserako espazioen Euskal Herriko gida da jolasparkeak.eus. “Patroi berdina erabiliz eraiki diren jolas-parkeak” saihestu eta bestelako ereduak biltzeko asmoz, jolasguneen mapa osatzen joatea da helburua.


2017-07-16 | Edu Zelaieta
01/01/4000

Goian duzuen data, eta duzuen eran, da nik EHUrekin indarrean dudan kontratuaren epemuga. Data txundigarria mesedez egiaztatzeko eskatu diot saileko idazkariari, ikerketa-proiektu baterako bete beharreko paperak tarteko, datu ofizial hori jakin beharra baitaukat. Data horixe dela berretsi dit idazkariak; koiunturagatik-eta ez naizela bakarra kode hori duen langilea.

Badaezpadako beste kontsulta bat egin eta ondoan, dataren datu miresgarria zuzena dela egiaztatu didate: unibertsitatearen... [+]


"Euskal Wikipedia kantitatez ondo dago; orain erronka kalitatean eta gizarteratzean dago"

“Wikidata tailerra: Wikipedia, Oteiza, Commons, Txillida, Wikidata, Basterretxea eta Wikipedia” antolatu du UEUk Udako Ikastaroen baitan. Galder Gonzalez irakaslea eta Aitzol Astigarraga tailerreko arduradunarekin hitz egin dugu.


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude