Dalmaziar harribitxia Dubrovnik

  • Dubrovnik jaurerria perla liluragarri gisan ageri zaigu Adriatikoko ur gardenetan. Bere karrika hertsi eta zutek, jauregi eleganteek, harresi gotorrak Adriatikoko hiri boteretsuenetarikoa izanik Veneziarekin lehiatu zenekoa ekartzen digute gogora. Azken aldian indartu den Dubrovnikekiko interes turistikoari esker, eta sortu berri diren hegaldiak baliatuz, gaur egun inoiz baino errazagoa dugu antzinako Ragusara ihesalditxoa egitea.

2008ko abuztuaren 03an
Dubrovnik-Kroazia
Elena Senao / Marc Morte
Dubrovnikera lehen aldiz iristen delarik, izan itsasoz, lurrez edo airez, mendi malkartsu eta harritsuen oinetan kokaturiko hiri distiratsuak txunditzen du bidaiaria; harresi gotorrak babestua, soil-soilik teilatu laranjak eta kanpandorre luzangak ageriko zaizkio. Zaila da zinez ikusmira honek ez xarmatzea eta Dubrovniken lilurak ez harrapatzea.
 
Hiri zaharrerako sarbide ohikoena Pile atea da, harresiko beste ateen gisan hiria urtetan babestu duen San Blas patroiaren estatua buru duelarik. Atea zeharkatu bezain laster Dubrovnikeko arteria nagusia ageri zaigu: Stradun edo Placa, Dubrovnikeko monumentu harrigarrienak, kafe goxoa dastatzeko terrazak. Eguzki izpi leunek ferekaturik karriketan goiti eta beheiti lasai ibil gaitezke, bertako herritarrek egiten duten lez.
 
Antzinakoa du Dubrovnikek historia, VII. mendean gaur egungo Cavtat-etik etorritako errefuxiatuak uhartean finkatu zirenekoa, eta Ragusa izenez ezagutua izan zen hiria sortu zutenekoa. Geroago, esklaboak ere finkatu ziren bertan, Dubrovnik izendatu zuten kokalekuan hain zuzen ere. XII. mendean, Ragusak irla izateari utzi zion banatzen zuen ur kanala bete zutenean, gaur egun ezagutzen dugun hiria eraikiz. Lehendabiziko mendeetan bizantziar inperioaren menpe egon zen, baina gurutzaden ondotik Veneziaren esku gelditu zen XIV. mende erditsura arte. Errepublika independiente bilakatu zen arte hain justu.
 
Veneziaren sistema politiko berdintsua ukanik, Adriatikoko komertzioaren monopolioan luzaz lehiatu ziren biak. Haatik, XVII. mendeaz geroztik gainbehera etorriko da Ragusa, eta 1815ean Austro-Hungariar inperioak bereganatu zuen, Bigarren Mundu Gerrara arte. Orduan izendatu zuten hiria ofizialki Dubrovnik. Inperioen amaierarekin eta nazionalismoak indartzearekin bat, sentimendu kroaziarrak gora egin zuen, eta gerora Jugoslavia gisara ezagutu dugun serbiar, kroaziar eta esloveniarren erreinuan sartu zen.
 
Dubrovniken magian murgiltzeko erarik onena norabide finkorik gabe bere kale txikietan barna ibiltzea da, kantoi bakoitzean harrian grabaturiko iraganeko altxorren bat, antzinako etxalekuren bat, edo kapera txikiren bat aurkituz; badira hala ere aldera utzi behar ez diren atrakzio zenbait. Lehen-lehena, frantziskotarren monasterioa, Pile atakatik sartu eta berehala atzemango duguna, Onofrioren iturriaren bisean bis.

Ia 700 urte dituen farmazia

Klaustro xarmangarriak berez bisita merezi duen arren, farmazia bati zor dio fama. Izan ere, 1317an inauguratu zuten farmazia Europako hirugarren zaharrena da; gaur egun lanean jarraitzen du, bere aurretik zabaldu zituzten biek ez bezala. Bertan oraino ohiko sendagaiak eros badaitezke ere, sendagaiak prestatzeko erabiltzen zituzten antzinako tresnak daude ikusgai. Monasterioaren ondoan San Spas-en eliza dago, dalmaziar estilokoa, barnean Urbinoko Pietro Antoniok egindako Igokundearen margo bikaina duena.

Gerra hotsak gogoan

Stradun-en beste muturrean hain justu, Sponza palazioko aurreko aldea ageri zaigu, eta veneziar estiloko leiho handi eta ederrek mendetan zehar Venezia guztiz ahaltsuak ukan zuen eragina nabarmentzen dute. Gaur egunean Artxibo Historikoak daude bertan, eta barneko patio ezin ederragoa bisita daitekeen arren, palazioko gela txiki batek du historia hurbilena gogora ekartzen. Gaur egungo Dubrovnik ezti eta baketsua duela urte gutxi gerlan murgildua zela irudikatzea zaila izanik ere, anitz oroitzen gara 1990eko hamarkada hastapenean Balkanetako gerlan hirira jaurtikitzen zituzten bonbez. Oraindik ez da gerla gogorarazten digun museorik estreinatu; gela txiki honek, haatik, bonbek hil zituzten herritarren argazki franko ditu hormetan zintzilikaturik, eta baita Europa osoa ikaratu zuten bonbardaketek eragindako suntsiketaren irudi-proiekzioa ere.
 
Stradun eta inguruetako kaleetako jendaldeaz unatzean, momentu egokiena da hiriko hegoaldeko kaleak ezagutzeko eta harresiraino iritsi arte bertan galtzeko. Hemen, ahotsen murmurioa urrun gelditu zaigu, haurrak bat-bateko ateak baliatuz futbolean ari dira mendetako historiaren itzalean. Artetan karrika hertsiek eguzkiari sartzea galarazten diotela dirudi, eta haien zirimolan galduko garela sinetsia dugunean, bat-batean harresia ageriko zaigu eta baita atsedena hartzeko ezin hobeak diren hainbat plaza txiki ere. Eremu honetan da kukutzen seguruenik Dubrovnikeko ostaturik miragarriena dena: harresiko ataka txiki bat iraganez pendiza arrokatsu gisako batera iritsiko gara eta parez pare Itsaso Adriatikoko urak beren edertasun gorenean izango ditugu. Harresiak alde batean eta itsasoa bestean, bertan jarririk freskagarri edo garagardo bat dastatzea, esperientzia ahantzezina da zinez.
 
Baina harresiaren oinetan jarrita egon ondoan Dubrovniki bisita burutzeko modurik ederrena, harresira igo eta handik hiriari beha egotea da, lasai eta geldiro, eguzkiaren azken izpiek harri zuria nola laztantzen duten so eginez, eguzkia emeki-emeki Adriatikoan murgildu eta Dubrovnik iluntasunak inguratzen duen arte.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude