Eneko Azpiroz Jeas eta Diego Glenny iruindarrek irabazi dute Spraikada graffiti lehiaketa, Fashion Biktikma lanarekin. Gasteizko Egoitz Ponte Ojodecuervo eta Miguel Angel Medina Kaponek marraztutako Kalean gara artea obrak irabazi du bigarren saria, eta Berangoko Nuria Serranoren Mundua kolorez bete izenekoak hirugarrena. Graffitiak www.spraikada.com web gunean ikus ditzakezue.
Kazeta.info egunkari digitalaren proiektuak irabazi du 2007ko Ekimen saria. Ofizialki irailean aurkeztuko bada ere, sari horren bidez proiektua ezagutaraziko dute. Egitura eta funtzionamendu propioak izango dituen ekimena Donibane Garazin kokatuko da eta Interneten zein paperean plazaratuko da. Bigarren saria Amaia Hennebutte gaztearen haur literaturako Hiru Otso proiektuak jaso du, eta hirugarrena Kanaldude telebistak. Ekimen saria Euskal Kultura Sostengatzeko Herriarteko Sindikatuak antolatu ohi du, Euskal Kultur Erakundearen babesa du. Euskarari eta euskal kulturari loturiko ekimenak Ipar Euskal Herrian sustatzea da bere helburua.
Julio Larraz artistak azken lau urteotan margotutako hirurogei koadro bildu dituzte Biarritzeko Bellevue aretoan. Habanan (Kuba) jaio zen Larraz, baina AEBetan bizi da aspaldidanik. Erakusketa urriaren 5a arte izango da zabalik.
The Chieftains Ismaël Lo, Elíades Ochoa eta Korrontzi taldeek parte hartuko dute, besteak beste, Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdian, irailaren 4tik 7ra.