argia.eus
INPRIMATU
Melodia eta sentimendu handiko metala
  • Nodrama ::I mind

    Ortots Burdin Hosak / Fragment

    iraupena ::40´45´´

    prezioa ::5 €

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2008ko abuztuaren 03a
I mind
Leioa eta Algorta artean kokatutako talde honen diskoak atzerrikoa dirudi, eta ez bakarrik ingelesa aukeratu dutelako; baita taldearen eskaintza musikala hemen inguruan ezohiko samarra delako ere. Metala dute oinarri, baina oso zentzu zabal eta batez ere melodikoan hartuta. Egia da tarteka thrash-metal talde gordinenen pare jartzen direla, baina orokorrean ez da hala gertatzen. Metallica taldeko James Hetfielen antzeko erregistroa dauka Aimar abeslariak, eta tempo erdiekin asko jokatzen dute. Emaitza dotorea da, soinu oso onekoa, eta ziur atzerrian hemen baino gehiago baloratuko dela. Erreferentzia mistikoak dauden arren, hitzek hausnarketa egiteko bide ona ematen dute. Herriko Burdina webgunetik sortutako Ortots Burdin Hotsak eta Burgosko Fragment arduratu dira lana plazaratzeaz.
"Historiako momentu batean gizakia erratu egin zen, eta gaur egun daukaguna sortu dugu"

Ingelesez abesten duzue eta emaitza atzerrikoa dirudi. Helburua hori izan da ala irten egin zaizue?


Musikan sakonago sartu ginenetik, beti entzun dugu atzerriko musika. Hortaz, Nodrama hasieratik ingelesez jaio zen modu naturalean.

Prometeo. Egindako akatsekin aurrera egitea zaila da? Oroimenak traizionatu egiten gaitu?


Oroimenak beti traizionatzen gaitu. Garrantzia duena oraina da, oraina da existitzen den bakarra. Baina, tamalez, iraganak eta akatsek eragina dute.

“Pray” hitza kantu gehienetan ageri da. Errezatzea da gelditzen zaiguna?


Ez gara katolikoak ezta erlijiosoak ere, baina bizitzaren mistika eta misterioak asko gustatzen zaizkigu eta energiatan sinesten dugu. Bi aukera baldin badaude, positibo ala negatibo pentsatzea, zertarako denbora galdu txarto pentsatzen? Horri errezatzea besterik ez da geratzen, positiboa, gauzak aldatzeko eta lurra eta gu geu sendatzeko.

Zer ikusten duzue “ispilua”-n begiratzen duzuenean?


Gure zati bat bakarrik. Askok uste dute ispiluan ikusten dutena beraiek direla osotasunean, eta bizitzan alde fisikoa eta besteek pentsatzen dutena besterik ez dute buruan. Ispiluak besteek ikusten dutena azaltzen digu, eta ez dugu barnera begiratzen.

Evolution. Sinesten duzue gizakiaren diruzalekeriak hil eta suntsituko ez duen herrialdean?


Beti egongo da gauzak konpontzeko bidea. Ez daukagu gure antzinako arbasoek bizitza konprenitzeko zuten gaitasuna. Historiako momentu batean gizakia erratu egin zen, eta gaur egun daukaguna sortu dugu.

Nori zuzenduta dago Here again? Nork salba gaitzake?


Bakoitzak bere burua salbatu behar du; hortaz, inertziagatik denak salbatzeko aukera egongo da. Abesti hori gudan dauden umeei eskainita dago. Ume bat gudara eramatea bizitza lapurtzea bezalakoa da.