Iñigo Azkona
I
Juan Josek deitu eta esan dit
umiltasunez beteta
“Xabi, herriak, zure laguntza
behar duenez tarteka,
arren, ARGIAn egin ezazu
‘zure’ herri-galdeketa
neronek egin nahi nuen hura
debekatu dute eta”.
II
Inork etxea saldu nahi balu,
karu izan arren dena,
auzokoari noiztik eskatu
behar lioke baimena?
a)Inoiztik ez b)betidanik,
ez ote da nabarmena?
Lehen gure kontu bizi zen eta
zer da egingo lukeena?
III
Legebiltzarrak onartu balu
galdeketaren plangintza
baina kontsultak zailduko balu
guztion elkarbizitza…
Nor litzateke gai gelditzeko
Legebiltzarraren hitza?
a/ herritarrak b/ Zapatero
c/ Gasteizko Jaurlaritza.
IV
Zertan Kosovon egon daitezke
denak pozik eta alai
eta gu, aldiz, ez izan ezta
galdera egiteko gai?
a/ Gu etnia asko baikara
b/ Madrilen baitugu jai
c/ Petroliorik izan ez eta
NATOk ez duelako nahi.
V
Herri-kontsulta ez da egingo
urte honetan barrena
Madril aldetik heldu delako
epailearen ordena.
Galderen beldur nor izaten da?
a/ Galdetzen ez duena
b/ Galdetzeko gai ez izanik,
erantzunen beldur dena.
VI
Juan Jose inoiz joaten bada
legeetatik harago
eta urriko azken astean
galdeketa bat badago,
kontsulta horrek balioko du
a/ honek baino gehiago
b/ honek beste edo, noski, c/
honek baino gutxiago?
Doinua: "Eskeini asko ta eman gutxi"