Hego Euskal Herriko telebistetan makina bat aldiz eman dituzte Red Bull edariaren iragarkiak. Frantzian iragan uztailaren 15ean baimendu dute produktu horren salmenta, nahiz eta hainbat erakunde publikok aurkako iritzia eman. Frantziako ekonomia ministroak maiatzean sinatutako onarpenak osasun ministroaren haserrea eragin du, izan ere.
1996. urtean CSHPF erakunde publiko frantziarrak Red Bullen aurkako txostena idatzi zuen, edariak dituen taurina eta D-glukuronolaktona (D-g) substantziak zirela eta. 1999an, SCF Europar Batasuneko erakundeak bere egin zuen CSHPFk hiru urte lehenago idatzitako txostena. Red Bullek arestian aipatu substantziak elikagai normal batek baino ia 500 aldiz gehiago ditu, eta ondorioak guztiz ongi ezagutzen ez badira ere, jakina da D-g konposatuak giltzurrunetan eragin kaltegarriak dituela, eta taurinak hiperaktibitatea sortzen duela. Arratoiek, adibidez, beren burua mutilatzen dute taurina hartuta.
2006. urtean azterketa batek adierazi zuenez, taurinak alkoholaren eragina gutxitzen du, hiperaktibitatea handituz. Beraz, mozkor gau batean edari egokitzat har daiteke, benetako ondorioak neurtu gabe.