argia.eus
INPRIMATU
Bagnères
Joxemari Ostolaza 2008ko abuztuaren 03a
Joxemari Ostolaza
de Bigorren ginen. Bezperan, auzoko bati zorabioak jo zion. Tentsio arteriala hartu nahi izan genion, hain gora zuen ezen gure gailuak ez zuen jasotzen ahal, pilota partidaren emaitzaren antza baitzuen. Medikura ekarri genuen. Bi lagun bertan gelditu ziren, beste biak aparkalekura jo genuen. Erdiguneko terraza batean geunden besteen zain. Bidez bestaldeko espaloian, berrogei bat metrora bistaratu genituen lagunak batera eta bestera so gure xerka noski. Keinuka nahi izan genien gure presentziaren berri eman. Nire ondokoaren mugikorrak jo zuen. “Halakok eskatu dik nirearen zenbakia? Parean diat, hurbiltzen ari duk”. Guregana zetozen txoriak baino kantariago. Bere onera etorria zen zorabiatutakoa, abisua omen zuen gertatutakoa, bizimoduaren ondorio normala. “Ezabatua zeukat hire zenbakia nirean eta halakori hots egin behar izan zioat”. Ez zekiena zera zen, egindako deia Kaukasoraino joana zela eta bere laguna bertako menditzarren batetik aritua izan zitzaiola mintzo. Orangek Movistari eta honek auskalori, espaloitik espaloira bidea gurutzatzea besterik behar ez zenean. Krisiak jota bizi gara, gure bizimoduaren gatibu. Tentsioarena ondorio normala dugu, goregitik eskegita gauzka mugikorrak. Deiaren prezioa? Auskalo. Garagardo bat gutxienez.