argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko maiatzaren 06a

Jabi Santa Cruz idazleak Deiaren Ortzadar gehigarrian: "Denbora-pasa bilatzen duenarentzat agian poesia ez da generorik egokiena. Poesiara hurbiltzen dena zerbaiten bila dabil. Bila dabilen horri eskaintzen dizkiot nire lerro xumeak, gogoeta egiteko baliagarria gerta dakion, poemen harira irakurlearen mundu intimora hurbiltzeko bitartekaria izan nahian".

 

Iñaki Salvador musikariak UK aldizkarian: "Jazzaren etorkizuna ez du markatzen bakarrik hezkuntza arautuaren barnean egoteak. Ondo dago, oinarrizko urratsa da, baina beste alderdi batzuek ere eragiten dute. Egoera konplexua da. Arazo ekonomikoa dago eta kulturari eragiten dio. Dirua moztekotan, ustez beharrezkoa ez den gastuari kenduko zaio lehenik. Etorkizuna izan dezake jazzak, baina ez da hau une bereziki arrakastatsua, udarekin bero jarri eta jazz jaialdi asko egin arren".

 
 

Mikel Errazkin Aranzadi zientzia elkarteko eta UEUko kideak Diario de Noticias egunkarian: "Sarritan, kultur talde bakoitzak bere zilborrera begiratzeko joera du, baina mundu osoko tendentziekin bat egiten dugu azkenean. Nik uste, komunitate zentzu bat edo talde zentzu bat emango digun zerbait behar dugula, atxiki beharreko zerbait. Azken batean, identitatearen sorketa horretan, oroimenera, historiara jotzeko joera daukagu, eta ondareak, zentzu horretan baliabide dezente eskaintzen dizkigu (...) Egun ondarea berreskuratzeko joera permisiboagoa dago, hala nola ondarea ikusteko ikuspegi positiboagoa. (...) Gerora mantentzea nahi badugu ezagutza bat beharko dugu, ezagutzen ez dena ezin baita zaindu. Euskal Herria modu diferente batean ezagutzeko aukera da hau, ondarea aitzakia ona da horretarako".