argia.eus
INPRIMATU
Udako
Joxemari Ostolaza 2008ko uztailaren 27a
Joxemari Ostolaza
Seinaleak, ugariak dira. Gure lehen auzoak lurraren tenperatura du hurbilena, baratzean landareei begiratzen dienean. Eta belarrak. Nik, orain Ibon eta Mikelen artikuluak. Gaztañazpi eta Astarloza. Arrauna, traineruak eta txirrindularitza. Tourra. Kezkatuta agertu zait Mikel ikurrinen komertzializazioaz. Edonork omen darama soinean eta ez omen dira bat etortzen irudia eta hotsa. Pirinioetatik hala ere, ikusi eta sentitu omen zitezkeen ikurrinadunak, Euskal Herritik urrun etapak disfrutatzera doazenak. Eta bere kezkaren oinarria, hainbaten oihuak ditu: “are, are...”. Ale, ale, allez, allez hemengo euskaldunek dioten bezala. Ez du ulertzen nola kristo uztartzen dituzten oihuegileek hots hori soineko ikurrinaz. Eskertzen du irudia eta motibatzen du, etxekotzat baitu. Arrabotsa aldiz, arrotza zaio. Eta horrek inkomodatzen du. Nik, aldiz Pirineotan “venga, venga” entzuten dut maiz, “va muerto” batez sententziatuta. Hortaz ez du Mikelek bere kezkarik adierazi. Etxekoa du, jatorra oso, naturala. Eta niretzat sinonimoak direnak, Mikelentzat ezberdinak dira oso. Pays Basque, Pais Vasco. Bat bestea bezain erdalduna, bat etxekotua hor, bestea hemen. Aski du bere soinari so egitea, laranja koloreko horri. Allez, allez dio-eta.