Gizakiari stop. Gizakia da gure etsai handiena?
Bai, ez bakarrik gerrengatik eta naturaren suntsipenagatik. Arlo pertsonalean ere norbera izaten da etsai handiena. Mugak jartzen, erreprimitzen… Ironikoa da, baina zoriontasuna lortzeko askotan zure buruaren kontra jo behar duzu. Gure animalia sena gehiagotan atera beharko genuke!
Bitxia da diskoa umeen aldekoa izatea. Metalak ere bihotz xamurra dauka?
Diseinua eta singlea,
Sena, jaioberri batean oinarrituta daude. Gerora, Aurralde Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez egoera larrian dauden umeei laguntzea pentsatu genuen. Diskoaren etekinak beraientzat izango dira; laguntza txikia izanda ere, biziki eskertuko dute.
Bizi kantuan ez duzue esperantza galdu…
Orokorrean disko nahiko ezkorra da: bizitza gogorra da, nahiz eta gauza material ugari eduki. Zoriontasuna lortu nahian bizi gara; ez dugu inoiz lortuko. Zoriontasuna egoera bat da, ez helburua.
Lortuezina abestian hitz egiten dugu horretaz.
“Mundua nahiz eta aurrera joan, ni naiz atzean gelditzen dena”. Bakardadea askotan agertzen da diskoan…
Bai? Ez gara hortaz konturatu… sentimendu bat da. Kapitalismoaren ondorioz konturatu gabe bizitzako baloreak aldatu ditugu, berekoiak gara, gero eta bakartiagoak. Kritika baino autokritika da: sistemaren kontra joateak ez dauka zentzu askorik, guk osatzen dugu-eta kritikatutako sistema. Hortaz konturatzeak, behintzat, esperantza apur bat ematen du eta aldatzeko gai garela adierazi.
Abeslari berriarekin melodia asko indartu duzue eta kontrasteak nabarmenak dira.
Hala da. Melodia indartu dugu Eneko abeslari berriarekin; Aitzol ere garrasietan indartsuago ibili da, eta orokorrean disko hau aurrekoa baino gogorragoa dela esango nuke. Muturreko aldeak bilatzen saiatu gara, melodiak melodikoago egiten eta parte gogorrak, gogorrago.