argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Berehalako zakil-zutitzeak eragiten dituen aerosolezko Viagra
Jabier Agirre 2008ko uztailaren 23a
Viagra pilulak
Duela hamar urte agertu zen “pilula urdina”, eta adituek diotenez mugarri garrantzitsua izan zen gizonezkoen disfuntzio sexualak konpontzeko aspaldi hasitako borrokan. Viagrari esker, sexu-jarduera bertan behera uzteko tenorean zeuden gizonezko askok berriro ere arrakasta osoz eduki ahal izan dituzte sexu-harremanak, bestelako metodo erasokorragoetara jo beharrik gabe. Viagraren erosotasuna eta eraginkortasuna ukaezinak diren arren, botika horrek badu eragozpen bat: bere eragina denbora batez atzeratzen dela, hau da, ez dela erabiltzaileak nahi lukeen bezain azkarra.
 
Viagraren lehengai aktiboak nekez disolbatzen dira heste meharrean, eta hortik odolean sartzen dira. Prozesu horrek atzeratu eta zaildu egiten du Viagra odol-zirkulazioan sartzea, eta horregatik erekzioa gertatzeko 30-45 minutu bitartean behar izaten dira. Orain ikertzen ari diren botika berria arnastu egiten denez, ez da heste meharrean barrena metabolizatzen, eta horrexegatik askoz ere bizkorragoa da, tentetzea ia berehala gertatuz.
 
Botikaren bi agerpen horien arteko aldeak ez dira hor amaitzen. Viagra pilulek zakilera iristen den odol-fluxua gehitzen dute, nolabait esateko. Ondorioz, beharrezkoa da aurretik estimulu sexualen bat egotea, zakilaren tentetzea lortu eta ondoren hari eusteko. Aerosolean komertzializatuko den Viagra berriak, berriz, ez du zakilaren gainean jarduten, zuzenean garunean baizik; erekzioa izan dezala “agintzen” dio garunari, eta beraz, ez da aurrez sexu-kitzikadurarik behar izango. Itxura guztien arabera, jatorri psikologikoa duten inpotentziak zuzentzeko oso eraginkorra izango da botika berria.
 
Oraindik ere ikerketa fasean dago botika berria, baina adituen usteak eta aurreikuspenak ondo bidean, bizpahiru urte barru merkatuan egongo dela esan dezakegu. Beste kontu bat izango da zein preziotan, eta noren kontura izango ote den: erabiltzailearen kontura ala Gizarte Segurantzako diruen, alegia gu guztion diruen kontura.