argia.eus
INPRIMATU
Maria Garikano
Irrealtasunak duen errealtasunaren aldeko manifestu bat da
Pilar Iparragirre 2013ko maiatzaren 06a

Nola sortu zen nobela magiko hau?


Mila zortziehun eta laurogeita bateko goiz euritsu batean, R. L. Stevensonek uharte baten mapa marrazteari ekin zion topografo baten arretaz. Laster erabaki zuen uhartearen xehetasunak, muino zein leize, kala zein ainguraleku edo zingira eta toki bakoitzaren izena. Baita uhartearen izena ere: Altxor Uhartea. Irudizko mapa hark erabaki zuen, neurri handi batean, uhartean gertatuko zen istorioa. Idazleak berak esanda dakigu mapa hartan ikusi zituela estreinako aldiz piraten aurpegi likitsak eta altxor bilatzaileen joan-etorriak, orain mozkortuta, orain borrokan.

Zein testuingurutan idatzi zuen egileak nobela?


Garai horretan, naturalismoa zen jaun eta jabe Europako literaturan. Hila zen erromantizismoa, eta abentura nobelen garaia berarekin. Baina Stevensonek, lan honekin, bizkarra erakusten die nobelari dokumentu baten objetibotasuna eman nahi diotenei. Marcel Schowbek liluraturik irakurri zuen Altxor Uhartea, bere iritziz abentura nobelen artean ederrena; are gehiago, liburu hura manifestu bat ere badela irudituko zaio, irrealtasunak duen errealtasunaren aldeko manifestu literario bat, hain justu, literaturari bide berriak zabaltzen dizkiona. Eta ez zebilen oker Marcel Schowb liburuaren alderdi teoriko hori aipatzean.

Zergatik?


Altxor Uhartea
, Stevensonen gainerako saiakera, ipuin, poema eta abar guztiak bezala, gogoeta sakon baten ondorio delako. Eta nobela honek, bere modura, giza esperientziaren berri ematen du.